Gotzon ARANBURU

Eskola eskasak, irakasle erdaldunak… horrelakoa zen irakaskuntza

Guztion ahotan dago irakaskuntza azkenaldiotan. Sare publikoko langileak greba egin berriak dira, ikasleak ere bai, PISA txostenaren oihartzunak ez dira isildu, hedabideetan eztabaida pil-pilean dago adituen artean… Hezkuntza gure gizartearen osagarri nagusienetakoa da gaur egun eta eragile politiko eta sozialei buruhauste asko ematen die gaiak. Baina, nolakoa zen eskola duela berrogeita hamar edo ehun urteko Euskal Herrian?

Irakaskuntzako material guztia gaztelaniaz zegoen XX. mende hasieran.
Irakaskuntzako material guztia gaztelaniaz zegoen XX. mende hasieran.

Medikuntza edo garraioak bezalaxe, irakaskuntza ere erabat aldatu da gure birraitonen garaitik. Arazoak arazo eta murrizketak murrizketa, duela mende bat ez zuten sinetsi ere egingo gaur egungo neska mutikoek zer nolako eskola, material eta irakasleak dauzkaten. Are gehiago, denek, baserritar eta kaletar, irakurtzen eta idazten jakingo zutenik ere ez zuten imajinatuko.

Izan ere, duela ehun urte baino gutxiago analfabetismo maila oso altua zen Euskal Herrian. Ez Espainian adinakoa, baina oso handia bai. 1920an Araban, biztanlegoaren %27,4 zen analfabetoa; Bizkaian, %32,7; Gipuzkoan, %34,9; eta Nafarroan, %36,7. Espainian %52,2ra iristen zen. Guztira, 371.000 euskal herritar ziren analfabetoak. Gipuzkoako kasuan, bereziki deigarriak dira herri jakin batzuetako datuak, esate baterako Aiakoak, non 1913an 2.367 biztanletik 2.068 ziren analfabetoak, edo Idiazabalekoak, non %55ekoa zen portzentajea, baina arazoa ez zen bakarrik nekazal giroko herri txikietan gertatzen: Hernanin %64koa zen kopurua, eta Errenterian, %47koa.

Estatu espainiarreko hezkuntza publikoa Moyano Legearen (1857) bidez hasi zen arautzen. Hirietan eta herri handietan eskolak eta irakasleak askoz egokiagoak ziren herri txikietan baino. Macias Picavea adituak 1899an esan zuenez, herrixka askotako eskolak «ukuiluak baina eskasagoak dira, maisuak goseak akabatzen daude, eta alkateek –hauk ere askotan analfabetoak– hankapean ibiltzen dituzte». Oso ohikoa zen umeak eskolara ez joatea, etxetik urruti zegoelako, soroan lan egin behar izaten zutelako edo gurasoei ez zitzaielako beharrezkoa iruditzen, besterik gabe.

Euskal Herriko nekazal eremuetan egoera oso eskasa zen hezkuntzari zegokionez. UPV-EHUko Joxe Garmendiak, Hilario Muruak eta Iñaki Zabaletak osatutako taldeak ikerketa batean azaldu dutenez, baserritarren umeak «auzo-eskolak» izenekoetara joaten ziren. Auzoko baselizan, baserriren bateko ganbaran… horrelako tokietan atontzen zen ikasgela, herritarrek emandako diru hondarrarekin mahai batzuk, aulkiak eta arbela eskuratuta.

Hondarribiko Gaintxurizketa auzoko eskolaren deskribapen hau daukagu: «Bi alfabeto kartel, mahai zikin bat, ukuilu baten moduko paretak, eta lurrezko zorua. Ez dauka inongo aireztapenik, atea zabalik edukitzerik ez baitago, oso haize hotzak jotzen du eta». Maisu-maistra izateko oso maila baxua eskatzen zen, eta hauek irakasten zutena ere parekoa izaten zen, eskasa.

Pedro Berriotxoa historiagileak adibide bat baino gehiago eman du, esaten ari garen hau argitzeko baliagarriak. Aipatu dezagun Tolosako Auzotxikiko eskolarena. Juan Jose Sagastizabal izan zen bertako maisu, 1880tik 1922ra. Ortografia akatsak barra barra egiten omen zituen lanean hasi zenean, eta ez omen zuen asko hobetu ondorengo lau hamarkadetan. 1913an bi pezeta eta zortzi anega zereal ordaintzen omen zioten.

Haren ondoren Rikardo Aierbe izendatu zuten maisu, hau jada tituluduna. Primo de Riveraren diktadura garaian, eskolara joaten ez ziren umeen gurasoei isunak jartzen hasi behar izan zuen, baina mutiko helduenei baimena ematen zien tarteka piper egiteko, baserriko lanetan lagundu ahal izan zezaten. Azaroan eta abenduan garia ereiteko uzten zioten eskola joateari, eta urtarrilean orbela jasotzeko. 1931eko azaroan, esate baterako, hamabi ikasleetatik bakar bat zegoen huts egin gabea, eta seik hilabete erdian ez zuten eskola zapaldu.

Hausnarketa Oñatin

1909ra arte ez zen izan derrigorrezkoa 12 urtera arte eskolara joatea Estatu espainiarrean. Handik aurrera ere ez zen beti betetzen agindu hori, ezta gutxiagorik ere. Lehenengo Mundu Gerraren ondoren hasi zen egoera aldatzen. 1918an egin zen Oñatin Eusko Ikasketen Lehenengo Biltzarra eta han hausnarketa sakona egin zen hezkuntzak Euskal Herrian bizi zuen egoeraz. Herrietan eskola egokiak prestatzeko eta irakasle onez hornitzeko gomendioa eman zieten udalei eta aldundiei, eta hauek entzun egin zuten aholkua.

Hala, 1920an herri eta herrixketan eskolak zutitzeari ekin zioten Bizkaian, Diego Basterra EAJko arkitekto bilbotarrak egindako diseinuarekin. 1932an hasi ziren lan bera egiten Gipuzkoan. Ikasgelak, jangela, komunak, berogailua eta baratzea zuten eskola berri hauek. Batzuek baita pilotaleku txiki bat ere. Horietako asko zutik daude oraindik ere, eta batzuk –Zizurkilgoak kasu– orduko eginkizun bera dute. Beste batzuk bota edo erori egin ziren, adibidez 1936ko gerrak Eibarko Aginagan eta Arrasateko Udalan hondatu zituenak, eta beste batzuek bestelako erabilera dute egun. Bitxikeria gisa, esango dugu eraikitzen garestiena, Gipuzkoakoen artean, Legazpiko Telleriartekoa izan zela, 60.000 pezeta kostatu baitzen. Oraindik zutik dago.



XX. mendearen hasieran ume asko ziren irakurtzeko hainbestean moldatzen zirenak, baina idazten ez zekitenak. Izan ere, kristau dotrina ikastea jotzen zen lehentasunezkoa, eta horretarako irakurtzen jakitea nahikoa zen. Euskaraz irakasten zen dotrina herrixketan. Pedro Berriotxoaren arabera, 1930 aldera ia zeharo konponduta zegoen desoreka hau.

Lau eskola mota 1936ko gerra aurretik

Gerra aurretik lau eskola mota zegoen Euskal Herrian. Batetik, 500 biztanletik gorako herrietan, eskola publikoak edo «nazionalak». Bestetik, hainbat ordena erlijiosok sortutako eskolak, pribatuak, horien artean garrantzitsuenak La Salle Eskola Kristauak. Gero, Gipuzkoako kasuan, Aldundiak II. Errepublika garaian irekitako 21 eskolak. Eta bukatzeko, herrixketako «auzo eskolak», ugarienak eta eskasenak, irakasle izateko titulaziorik ez baitzen behar.

Euskararen bazterketa

Euskararen gaia aipatu behar. Foru erregimeneko Euskal Herriko agintari politikoak oso gutxi saiatu ziren hezkuntzan euskara sartzen. Kultur gizonak ere asko ez. Pedro Berriotxoak nabarmentzen duen moduan, Julio Urkixo, Resurreccion Maria Azkue, Carmelo Etxegarai… bezalako euskaltzaleek elkarri idazten zizkioten gutunak gaztelaniaz daude. Abertzaletasunaren sorrerarekin hasi zen egoera aldatzen.

Gorago aipatu dugun Eusko Ikasketen Lehenengo Biltzarrean Koldo Eleizaldek sutsuki salatu zuen euskarak hezkuntzan jasaten zuen bazterketa: «Estatuak agindu du Euskal Herri euskaldunaren bihotzean ere, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako mendietako auzoetan, irakaskuntza gaztelaniaz soilik izan behar dela. Ez zait bururatzen zer nolako heziketa integrala jaso dezakeen ume-umetatik bere ama hizkuntza mespretxatzen erakusten zaion haurrak, baita gorrotatzen ere, euskaraz hitz egin izanagatik jasotako zigor basatiak medio».



Zigor horien lekukotasunak ugariak dira, horietako batzuk Joan Mari Torrealdaik ‘El libro negro del euskara’ liburuan jasoak. Ezagunenak, eraztunarenak. Ikasgelan hitz bat euskaraz esaten zuenari eraztuna jartzen zion hatzean maisuak. Beste norbaiti ihes egiten bazion euskarazko hitzen batek, hari pasatzen zion eraztuna aurrekoak. Hala, egun osoan. Irteteko orduan eraztuna zeukanari jo egiten zion irakasleak, «zuzendu» zedin.

Maisu-maistra kanpotarrak

Euskal Herrian ugariak ziren kanpotik etorritako maisu-maistrak, oposizioen bidez izendatzen ziren eta. 1921ean Gipuzkoan ari ziren maisu «nazionaletatik» %45ak ez zekien euskaraz. Maria de Maezturen hitzetan «Andaluziarrak, estremadurarrak, gaztelauak… etsai duen ingurune bati eta ezagutzen ez duen errealitate bati egin behar dio aurre».

Joxe Migel Barandiaranek ere lekukotasun esanguratsua utzi du bere ume garaiko eskolaz. Maisu euskalduna zuten Ataunen, baina dotrina bakarrik erakusten zuen euskaraz, beste ikasgai guztiak gaztelaniaz, nahiz eta euskarara itzultzen zituen. Hala zioen jakintsu ataundarrak: «Horrela ikasi genuen ulertzen ez genuena irakurtzen; nire ikaskide gehienak inoiz ulertzera iritsi ez zirena, eta ni neu askoz ere beranduago ulertzen joan nintzena, nire apaiz ikasketak burutu ahala. Horregatik, ez da inor harritu behar baserritarrek eskolari dioten maitasun eskasagatik, beldurra baitiote, nik bezala».