NAIZ
BILBO

Atxuri kalean hiru edukiontzi erre dira, semaforo batean eta leiho batean kalteak eraginez

Bilboko Atxuri kaleko hiru edukiontzitan piztutako suak kalteak eragin ditu semaforo batean eta etxebizitza bateko leihoan. Sua nahita piztutakoa izan dela uste du Ertzaintzak, eta gertatutakoa argitzeko ikerketa jarri du abian.

Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, goizaldeko 4.20 inguruan piztu da sua, Bilboko Atxuri kaleko edukiontzi batzuetan.

Hiru edukiontziak kiskali egin dira. Horrez gain, semaforo batean eta lehen solairuko etxebizitza baten pertsiana eta leihoan kalteak eragin ditu suak. Bizilagunak ez dituzte etxetik atera behar izan.

Suhiltzaileek sua itzali dute eta Ertzaintzak jazotakoa argitzeko ikerketa abiatu du. Lehen datuen arabera, sua nahita piztutakoa izan dela uste dute.

Iragan asteazkenean, hilak 12, bost edukiontzi erre zituzten, Gregorio de la Revilla eta Poza Lizentzuaren kaleetan kokatuta zeudenak. Bost minutuko aldearekin, su eman zieten bi puntuotan zeuden edukiontziei.