Ramon Sola
GERNIKA

Gernikatik, armagabetzearen ondoren irtenbide osoa aldarrikatu du Kalera Kalerak

Ekitaldi xume bezain goxo eta jendetsua burutu du Kalera Kalera ekimenak Gernikan, «irtenbide integrala» aldarrikatuz eta bereziki preso eta iheslariak etxera ekarri beharra gogoan. Espetxeratu bakoitzeko krabelin gorri bat utzi dute bertako Juntetxean.

Preso bakoitzeko krabelin gorri bat jarri dute Gernikan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Preso bakoitzeko krabelin gorri bat jarri dute Gernikan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

‘Euskal udaberria kalera’ dinamikarako abiapuntu izan da Gernikan gaur eguerdian egindako ekitaldia, baina gaurkotasun politikoari guztiz lotutakoa ere bai. ETAk armagabetzea amaitu eta astebetera, «borrokak jarraitzen du eta ezker abertzalea prest dago», adierazi dute ozen ehunka lagunek.

«Egunotan 80 urte betetzen dira indar faxistek Gernika suntsitu zutela. Baina urte gutxiren buruan euskal naziotasunaren askatasun bandera berriz agertu zen. Gernikako seme-alabak, bilobak eta birbilobak ziren eta dira bandera hori astindu zutenak. Picassoren gudariaren eskutik ernetzen den lorearekin identifikatuta sentitzen gara», laburbildu dute antolatzaileek.

Hedabideen aurreko lehen agerraldi batean Antton Lopez Ruizek eta Oihana Garmendiak hartu dute hitza, eta geroko jendaurreko ekitaldian Garmendiak berak eta Josu Barandikak. Jarraian, bildutako guztiek lore eskaintza egin dute, preso bakoitzeko krabelin gorri bat jarriz «Gernikatik bakea eta askatasunera» zioen leloaren aurrean. Kantuek goxotu dute ekitaldia, abesbatza baten laguntzaz: ‘Kalera Kalera’, ‘Eusko Gudariak’...

Baionan hilaren 8an gertatutakoaren ostean, konponbide osoa lortzeko indarra batu behar dela aldarrikatu du Kalera Kalerak (urte asko kartzelan eta ihesean pasatako lagunak hurbildu dira ekitaldira). «Iraganari aurre egitea proposatzen dugu etorkizuna eraiki ahal izateko», adierazi dute.

Honen barruan kokatu dute espetxeak husteko beharra, bai eta egia jakitekoa ere, «errealitatea desitxuratzeko ahalegin bat sumatzen dugulako». Esaterako, «jakin nahi dugu nortzuk izan diren sakabanaketaren arduradun politiko zuzenak, nortzuk izan diren tortura sistematikoa agindu zuten arduradun politikoak (…), jakin nahi dugu nola gertatu ziren Gerestaren, Josu Zabalaren edota Xabier Kalparsororen hilketak; non dauden Perturren, Naparraren eta Popo Larreren gorpuak; Mikel Zabaltza benetan nola hil zen; nortzuk eta zergatik erabaki zuten Galindo, Sancristobal eta GALeko gainerako kideak aske lagatzea, gaixorik ziren eta diren presoei atea zazpi giltzarrapoz ixten zitzaien bitartean. Bai, jakin nahi dugu».