NAIZ

Mobilizazioak Baionan eta Gasteizen hilaren 26an, Oier Gomezi buruzko erabakiaren zain

Oier Gomez euskal preso politikoaren egoeraren inguruko lehen erabakia astelehenean jakingo da. Egun horretan zigorra eteteko eskaera aintzat hartzen duten ala ez esango dute epaileek. Bi egun beranduago, hilaren 26an, gasteiztarraren aurka dauden euroaginduak aztertuko dituzte. Egun horretarako mobilizazioak antolatu dituzte Sarek eta Bagoazek.

Elkarretaratzea egin zuten atzo Baionan, Suprefeturaren aurrean, Oier Gomezen askatasuna aldarrikatzeko. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Elkarretaratzea egin zuten atzo Baionan, Suprefeturaren aurrean, Oier Gomezen askatasuna aldarrikatzeko. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Hiru epaile, fiskala, idazkari bat eta Oier Gomezen abokatua preso gasteiztarrarekin izan ziren atzo arratsaldean Parisko Piite-Salpetriere ospitalean. Urtarrilaz geroztik dago ingresatuta gaztea bere gaixotasun larria –Ewing sarkoma– dela-eta. Sei hilabeteko bizi itxaropena eman dio epaileak izendatutako peritu batek.

Epaileek heldu den astelehenean jakinaraziko dute Gomezi ezarritako zigorra eteteko eskaera aintzat hartzen duten ala ez. Fiskalaren jarrera funtsezkoa izango da, datozen 24 orduotan helegiterik jartzen ez badu presoaren abokatuek euroagindu eskaerak bertan behera uzteko instantziak egiten hasi ahalko baitira. Atzoko bileran fiskalak «ez zuen erresistentziarik jarri», abokatuak esan zuenez.

Hilaren 24an erabakia jakin ondoren, hala ere, ibilbide juridikoa ez da bukatzen, izan ere bi egun beranduago aztertuko baitituzte Oier Gomezen aurka dauden hiru euroaginduak. Egun horretan jakin liteke aske geratuko den ala ez.

Horren karira, Bagoazek eta Sarek mobilizazioak antolatu dituzte, Baionan eta Gasteizen.

Baionan, goizeko 10.00etatik aurrera hasiko dira afitxak banatzen; 13.00etatik aurrera elkarretaratze iraunkorra egingo dute Lesseps kaian; 14.00etatik 17.00etara hainbat filme emango dituzte eta ordu horretatik aurrera erabakiaren zain egongo dira. Ondoren, agerraldia egingo dute.

Gasteizen, aldiz, «Oier etxera gunea» jarriko du Sarek. Datozen egunetan emango ditu xehetasunak.