Adin txikiko neska bat bortxatzearen akusaziopean atxilotu zuten 20 urteko mutila otsailaren 19an, Kaldereroen gauaren biharamunean. Epailearen aurrean igaro ostean, aske geratu zen behin behinean, kontrol neurriekin eta urruntze aginduarekin.
Emakumearen abokatuak helegitea aurkeztu zuen eta joan zen astean Gipuzkoako Entzutegiak erabakia atzera bota eta gaztea espetxeratzeko agindu zuen, ihes egiteko arrisku «handia» dagoela argudiatuta. Gainera, bortxaketa salatu zuen gaztearen kontakizun «sendoa eta uniformea» direla nabarmendu du, eta mutilaren deklarazioa, aldiz, kontraesanez betea. Fiskalak bat egin zuen espetxeratzeko erabakiarekin.
Auzitegiak dio akusatua epaiketan izango dela bermatu nahi duela neurri honekin. Bere egoera pertsonala dela-eta, Estatu espainolean bizitoki finkorik gabe eta lanik gabe, alde egin dezakeela argudiatu du. Leporatzen zaizkion delituen larritasuna ere kontuan hartu du.