Azken urteetan bezala, Joseba Ezkurdia sendotasunez heldu da Buruz Burukoaren final laurdenetako kanporaketara, Julen Retegiri Gasteizen 11-22 irabazita. Hasieratik hartu du Sakanakoak markagailuaren agintea (1-4) eta ez du inoiz utzi.
Boleaz eta gantxoz erritmo oso bizia jarri dio partidari Ezkurdiak eta Julen Retegik ezin izan du goitik gainditu. Hiru eta lau koadroaren artean jokatu du ia partida guztia Arbizukoak eta bere garaierarekin oso eroso aritu da.
Partidak bi zati oso desberdindu izan ditu. Lehena gogorra eta piloteatua izan da, baina 12-8koan txokotik dejada bat eramaterakoan Julen Retegik mina sentitu du lehendik ere minduta zuen ezker sorbaldan eta hortik aurrera lehiak behera egin du nabarmen. Eratsungoak hutsak ere pilatu ditu eta garaipen erraz xamarra izan du Ezkurdiak. Hurrengo igandean Mikel Urrutikoetxeak lan handiagoak emango dizkio, ziur.