Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Macron-en alde egitera deitu dute galtzaileen euskal ordezkariek ere

Euskal lurraldeko emaitzek Estatukoekin desberdintasun nabarmenak dituzten arren, hautagai galtzaileen Ipar Euskal Herriko ordezkari politiko gehienek maiatzaren 7an Emmanuel Macron bozkatzera deitu dute, gehienetan gogoz kontra bada ere.

Igande gaueko emaitzek eragindako zirrararen ostean, atzo analisi pausatuagoak egiteko parada hartu zuten indar politikoetako euskal ordezkariek, batez ere hauteskunde lehia honetatik at garatu diren hautagaien ingurukoek. Inor gutxi lotu zitzaion Ipar Euskal Herriko emaitzen berezitasunari, esaterako, FN laugarren geratu izanari, Melenchon hirugarren (2. Pirinio Atlantikoetan) edota Jean Lassalle diputatu bearnesak jasotako babesari (5. geratu zen, Hamon PSko hautagaiaren aurretik).

Hain zuzen ere, sozialistak «jota» agertu ziren, duela bost urte beren hautagaia (François Hollande) garaile izan eta gero, oraingoak izan duen gainbehera izugarria dela medio. Hamonen emaitza «bidegabea» izan da Sylviane Alaux-en ustez, «gizarteak egun dituen premiei erantzuteko proposamen berritzaileak egin dituen bakarra» izan delako. Haren kide Colette Capdeviellek, berriz, besteak beste, barne zatiketei egotzi zien jasandako «hondamena».

Fillonen aldekoak ere ez ziren oso gustura, nahiz eta euskal lurraldean bigarren geratu den. Max Brisson Republicains-en hautetsiak «estrategia akatsa» izan dutela adierazi zuen, «FN-i boto batzuk kentzearren, Fillonen diskurtsoa eskuinegira joan delako».

Macronen alde

Ñabardurak gorabehera, bigarren itzulian Macron bozkatzera deitu dute gehienek. Halere, Estatuko ikuspegian zentratuta, legebiltzarreko bozen erronka dute orain begi aurrean.