Aimar ETXEBERRIA

Eskoziarrek SNP bozkatu dute; unionismoak «tory»

Hala zinegotzi nola udal kopuruan gehiengoa lortuta, ekinbide independentistarekin aurrera jarraitzeko mandatu berri bat jaso du SNPk hautetsontzietan. Aurkaria aldatu zaio, baina, oraingoan; Eskozian historikoki indartsu agertu den laborismoak zuen guztia galdu eta «tory»-ak bilakatu dira unionismoaren erreferente irlaren iparraldean.

Hilabeteko epean birritan hautatu beharko dituzte eskoziarrek euren ordezkari politikoak, Theresa May lehen ministro britainiarrak hauteskunde orokorrak datorren ekainaren 8ra aurreratzea erabaki zuelako. Birritan, bi bozka eremu ezberdinetan baina zentzu berarekin: independentismoaren eta unionismoaren arteko lehiari tenperatura hartzea. Afera konstituzionala hauteskunde lehiatik at uzteko batetik zein bestetik egin diren ahaleginak ahalegin, biharamuneko analisi ororen epizentroan dago kontua.

Lehenengo rounda iragan ostegunean izan zen: tokiko hauteskundeak Eskozian. 2012an hautatutako ordezkari politikoei berritu bat ematea tokatzen zen; bai tokatu ere. Bost urtean mundu bat aldatu da politikagintza eskoziarra –independentzia erreferendum bat tartean-, eta horren lekuko dira bozek utzitako emaitzak. Hauek hauteskunde orokorretara estrapolatzerik ez badago ere, datorren ekainaren 8aren ostean Eskoziako panorama politikoak izango duen itxuraren aurrerapen bat egiteko balio dute tokiko hauteskundeek.

 

Bi irabazle garbi utzi dituzte hautetsontziek, bat bestea baino gehiago baina; SNP eta tory-ak dira, hurrenez hurren, garaileak. Abertzaleek Eskoziako politikagintzan jaun eta jabe izaten jarraitzen dutela erakutsi dute berriro: 2012an lortutako zinegotzi kopurua handitu dute (431 erdiestera iritsiz) eta, gehiengo osoz ez bada ere (erabili duten sistema elektoralak ia ezinezko egiten duen kontua), 32 toki administrazioetatik 19tan lortu dute garaile izatea, herrialdeko hiri nagusien artean dauden Edinburgo, Glasgow, Aberdeen eta Dundeen barne. Sorpresa, baina, kontserbadoreek eman dute.

Sekulako igoera izan dute toryek zinegotzi kopuruan: 276 lortuta, %140 egin dute gora. Abertzaleek lortutako emaitzetatik urrun geratu badira ere sendotu egin dute 2016ko martxoan egin Holyroodeko hauteskundeetan lortu zuten bigarren postua, guztia herrialdean tradizio handia duen Alderdi Laboristaren kontura. Unionismoaren erreferente bilakatu dira kontserbadoreak, eta irria ahoan jasotzeko moduan da May begirada iparraldera.

 

Hauteskundeek, baina, utzi dute galtzailerik ere, garbia gainera: Alderdi Laborista. Hamahiru toki administraziotan galdu du gehiengoa laborismoak Eskozian eta 394 zinegotzi izatetik 262 izatera igaro da, toki erakundeetan duen ordezkaritza %33,50 murriztua ikusiz. Alderdiak uhartearen hegoaldean bizi duen kalapitak badu eraginik Eskozian ere, eta herrialdean behinola izan zen hartatik apenas geratzen zaio ezer. Horren lekuko, duela 37 urtetik gobernatzen zuen Glasgow SNPren mesedetan galdu izana.

 

Bataila honek bere jarraipena izango du hilabete barru. Jarraipena izango da, eremu geografikoa aldatu arren, lehian dagoena gauza bera izango delako. Gainera, lehenengo saiakera honetan baino are garrantzi handiagoa hartuko du afera konstituzionalak, eta Eskoziak Westminsterrera bidaltzen dituen 59 legebiltzarkideetatik erdiak baino gehiago eskuratzen ahaleginduko da SNP bigarren independentzia erreferenduma deitzeko dagoeneko bere gain duen mandatu herritarra are gehiago sendotu asmoz. Ez lukete behar abertzaleek arazo handirik horretarako (azken hauteskunde orokorretan 59tik 56 legebiltzarkide lortu zituzten), baina ikusteko dago toryen gorakada zenbaterainokoa den.

Azken hauek izan dira kanpainan zehar independentziaren gaineko eztabaida mahai gainean gogo handienarekin jarri dutenak eta, erdietsi dituzten emaitzei erreparatuta, estrategiaz aldatzeko motiborik ez dutela ondoriozta daiteke. Estrategia berak, baina, SNPri ere balio izan diola dirudi, eta bien arteko lehia izango da ekainaren 8an biziko dena. Lehia honek, ordea, bidea egiten jarraituko du datozen hilabeteetan ere, hautetsontzietatik egindako bi itzulien ostean erabakiko baitu  Sturgeonek Eskoziako prozesu independentistaren patua.