Gotzon ARANBURU
BAIGORRI

Etxauzia

Gela hauetan ibiliko zen Axular atzera eta aurrera, etxeko jaun Bertrand Etxauzekin solasean. ‘Gero’ idatzi zezan animatzen zuen Bertrandek Sarako erretorea, eta lortu zuen; eskerronez, Etxauziako jaunari eskaini zion liburua Axularrek 1643an. Hiru mende geroago, Charles Chaplin zen udan gaztelu honetan ostatu hartzen zuena. Gaur egun, Miamiko bikote bat da Etxauziaren jabe, baina Baigorrik bota duen erronkari Euskal Herri osoak erantzuten badio hemendik aurrera euskaldun guztion etxea izango da gaztelu miresgarri hau. 

Etxauzia gaztelua, Baigorrin. (ETXAUZIA ELKARTEA)
Etxauzia gaztelua, Baigorrin. (ETXAUZIA ELKARTEA)

Baigorriko kaleetan edo inguruko mendietan dabilenak nahi gabe ere Etxauzia gaztelura zuzenduko du begirada. Harana dominatzen du, eta lau dorreak, teilatu pikoa eta horma zuri distiratsuak edonondik ikusten dira. Barnean gordetzen dituen edertasunak ikustea zailagoa da, jabetza pribatukoa baita, eta noizean behin baino ez dizkiote ateak herriari zabaltzen nagusiek. Ikastolaren ekitaldiren bat, musika emanaldiren bat… horrelakoak hartzen ditu tarteka Etxauziak. 

Asrim senar-emazteak, Miamiko bikote aberats bat, dira egun gazteluaren jabeak. Udako egonaldia egiten dute hemen, azken hamalau urteotan, baina adinean aurrera doaz eta salgai jartzea deliberatu zuten duela gutxi. Horren berri izatean, baigorriar talde batek gaztelua euskaldunon eskuetara itzuli behar zela pentsatu zuen, eta eraikina erosteko kanpaina abiarazi zuen, «Euskaldun bat, euro bat» izenpean. Kanpainaren bigarren faseari ekin dio orain Etxauzia Nafartarren Etxea elkarteak, berebiziko indarrez, hala behar baita apustua irabaziko bada. 

Etxauzia Nafartarren Etxea elkarteak 225 bazkide ditu egun, asko Baigorrikoak, baina baita Ipar Euskal Herriko barnealde nahiz Euskal Herri osoko batzuk ere. 2016ko udaberrian «Euskaldun bat, euro bat» kanpaina abiatu zuen, elkartea eta asmoa ezagutarazteko. Elkartea egituratzeko ere balio izan zuen, eta proiektua beste fase batera pasatzeko ere bai. Horrela, kanpainarekin batera, proiektuaren garapenean ere lanean aritu da elkartea: kanpora begirakoarekin batera, barrura begirakoa ere landu du, saretu egin da Baigorri eta inguruetako pertsona eta eragile ugarirekin, baita Euskal Herriko nahiz diasporako lagun eta elkarte ugarirekin ere.

Barnealdea biziarazi

Lau lantalde jarri dira abian elkartean, eta laurak koordinatzen dituen administrazio kontseilu bat ere lanean ari da. Horiekin batera, komunikazioan apustu sendoa egin da, eta estrategia berria pentsatu, sakondu eta garatzeko lanetan aritu da. Elkartearen helburua mila urtean herritarrentzat itxita egon den eraikin honen jabe egin eta herritarrei ematea da. Zertarako? Proiektu eder eta zabal bat egiteko. Ipar Euskal Herriaren barnealde osoa biziarazteko, ekonomikoki, kulturalki, linguistikoki. Bizia eman nahi diote Etxauziari, zabaldu eta biziarazi. Baina ez gaztelua bera bakarrik. Gazteluaren bidez, Ipar Euskal Herriko barnealde osoa ere bai.

Etxauzia Gazteluan kokatuko dira Lantegi Elkartea, Ondarearen interpretazio zentroa, kultur ekimenak eta ikuskizunak egiteko gunea eta diasporari eskainiko zaizkion harrera nahiz genealogia zerbitzuak. Etxauziaren jabeak herritarrak izango dira, eta beraz, bertako kudeaketa autogestioan oinarrituko da. Proiektu komunitarioa izango da, bere osotasunean herritarrekin eta herritarrentzat lanean arituko dena.

Proiektua herritarrekin aurrera ateratzeko, ez du balio publizitate kanpaina soil batek. «Sarea da interesatzen zaiguna –diosku Kattalin Sainte-Mariek, ekimenaren koordinatzaile nagusiak– eta horregatik ‘Zabal eta bizi’ kanpaina ‘bizilagunak’ kontzeptuan oinarritu dugu, elkarrekin egin beharrekoa delako, euskaldun guztiok proiektu honen parte izatea nahi dugulako. Horretarako, elkarlana, elkar ulermena, eta denon artean aritzeko gaitasuna jorratu nahi ditugu. Komunitate bizi eta zabal bat egin nahi dugu, denok horren barne sendi gaitezen. Dirua epe motzera bildu nahi dugun bezala, proiektua oso epe luzerakoa izatea nahi dugu».

Etxauziaren baitan, norbanakoak daude. Baina Etxauziak egiten duen lanean eta proiektuetan elkarteekin aritzen da. Euskal Herri osoko elkarteekin, hain zuzen ere. «Guretzat, sarea ez da bakarrik norbanakoena, proiektu eta elkarteena ere bada. Beste askoren proiektuekin konektatuta dagoen proiektuak askoz ere balio gehiago du, joan-etorriko harreman emankorra sortzen duelako. Gauza bera esan dezakegu instituzioez ere. Haiekin lan egitera goaz, proiektua herritarrena dela garbi utzita» dio Kattalinek.

Nazio ikuspegia

Horrela, egiten dutenari, maila lokaletik abiatuta ere, dimentsio nazionala ematen diote. Egiten duten ekimen bakoitzean ari direlako Ipar Euskal Herriko barnealdea biziarazten, baina zabaltzen ere bai. Lehenik, uste dute, Euskal Herriari horrelako gaztelu eder bat berreskuratzeak poza emango diola, eta hori ere garrantzitsua dela alde emozionaletik. Baina, horrekin batera, idealismotik errealismorako jauzia ematen dute, sinetsita daudelako nahi dugun Euskal Herri bizi eta zabal hori egiteko, tokian tokiko lanak nazio ikuspegi batean jarri behar direla.

Lehenik eta behin, gauzak egiteko modu bat: herritarrak elkartu eta euren etorkizunaren jabe izateko lan egitea. Gero, Ipar Euskal Herriko barnealdea biziarazten lagundu. Dauden hutsune eta behar batzuei erantzuten, beste proiektu batzuekin batera, ekarpen hori egiten lagundu. Lehen aipatu moduan, bada administrazio kontseilu bat eta lau batzorde: diaspora batzordea, ekonomia lantaldea, historia lantaldea eta kultur ekimenak antolatzen dituzten kideak. Baita urteko batzarra ere. Erabakiak kolektiboki hartzen dira, eta hartuko dira gerora ere, gaztelua erosi ondoren.

Baigorriko eskualdea izango da, proportzioan, Euskal Herrian migrazio handienetakoa, handiena izan ez bada, izan duen eskualdea. Horregatik, zein toki hobea, Munduko Euskal Etxe guztien Ama izango denaren egoitzarentzat? Egun, ez da horrelakorik Euskal Herrian. EAE, Nafarroa, eta orain Herri Elkargoa ditugu, baina ez dago Euskal Herri osoko diaspora osatzen dutenentzat erreferentziarik. Beraz, hutsune bat ere beteko du horrela Etxauziak.

Diru bilketa

Lehen bilketan 100.000 eurotik gora lortu ahal izan ziren. Ez da kopuru makala. Diru horri esker, proiektua bera abian jarri ahal izan da, baina oraindik diru asko falta da. «Nahiko genuke milioi eta erdi batu, eta horrekin gaztelua negoziatzen hasi. Ez da hori gazteluaren prezioa, baina bai gure proiektua erreal egiteko beharko genukeen dirua» azaldu du Kattalinek. Bildu behar den diruaren zati handi bat, maiatzetik hasi eta uda honetan egingo duten bilketan jaso nahi dute. Kanpaina horretan, Euskal Herri osoko eta diaspora osoko jendearen ekarpena jasotzea espero dute. Dirua ematea oso erraza da: http://etxauzia.eus/eu/parte-hartu/ webgunean sartu eta bertan adierazten diren pausuak jarraitu behar dira.

Kanpaina sareetan oinarrituko da, jendearen parte-hartzean. «Bizilagunak» kontzeptua landuko dute Etxauziaren inguruko komunitate zabal eta bizi bat osatzeko. Beraz, milaka euskaldun, Etxauziari dirua ematearekin batera, Etxauzia komunitatearen parte izango dira. Ekitaldi, aurkezpen, sare sozial eta gainontzeko euskarriekin batera, guztion parte-hartzea eta laguntza ezinbestekoak izango dira, eskualdez eskualde, herriz herri.

Dagoeneko martxan da kanpaina, eta lehenengo ekitaldiak burutu dira. Esaterako, gazteluaren ganbaran emanaldia eskaini dute Bernardo Atxagak eta Anarik, eta datorren igande honetan ‘Hordago ardo’ ikuskizuna izango da gazteluaren ganerrean (ganbaran), Mikel Garaizabal enologoaren lantaldearen eskutik: euskal arnoen dastaketa hau ikuskizunerako espreski sortutako diziplina anitzeko sorkuntzaz inguraturik gauzatuko da. Dastaketan zehar, silueta misteriotsu batek koadro erraldoi bat margotuko du, zuzeneko musika eta bideo sorkuntzaz lagundurik. Eta aktore bik, zerbitzari, kantari, poeta eta zirikatzaile lanak egingo dituzte.

Arno eta arno artean, tokiko hainbat produktu ere dastatu ahal izango dute bertaratuek: xingarra, gasna, txokolatea eta bizkotx txikiak. Ikuskizuna Ipar Euskal Herriko sor marka guziek bat eginik babestua da: Ossau-Iraty, Ezpeletako Biperra, Kintoa Xingarra eta Irulegiko Arnoa.