NAIZ
DONOSTIA

Mikel Gonzalezek ez du Realean jarraituko

Mikel Gonzalezek ez du Realean jarraituko hurrengo denboraldian, talde txuriurdinak bere web orrian gaur jakitera eman duenez. Urte hauetan egindako ibilibidea txalotu du Realak. Hamaika urte eman ditu arrasatearrak Anoetako taldearekin eta hori eskertzeko asmoz Urrezko eta Brilantezko domina emango diote.

Mikel Gonzalez, Realaren partida batean. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Mikel Gonzalez, Realaren partida batean. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

«Araztasuna eta hierarkia aldagelan. Adibide ezin hobea gazteentzat. Postu ezberdinetan jokatu du eta beti maila onean aritu da zelaian. 300 partida jokatu ditu txuri-urdin kamisetarekin. Jokalari garrantzitsua izan zen Reala Lehen Mailara itzuli zen denboraldian. Europar txapelketak jokatu ditu Realarekin baita ere. Zure baloreak Realak dituen baloreak dira», nabarmendu talde txuriurdinak plazaratu duen oharrean.

1985ean Arrasaten jaio zen Mikel Gonzalez eta hamaika urte eman ditu Realean. 2005eko irailean debutatu zuen Realaren lehen taldearekin Son Moix zelaian Mallorcaren aurka. 2-5 irabazi zuten txuriurdinak. Ibilbide hau eskertzeko Urrezko eta Brilantezko domina emango diote.