Ruben NIETO
BILBO

Koldo Zuazoren iritziz, «bizkaiera» Araba inguruan sortu zen duela mila urte

Euskalkiei buruzko ikerketarekin lotutako bere ibilbide luzearen azken lana, «Mendebaleko euskara», aurkeztu berri du Koldo Zuazo EHUko irakasle eta hizkuntzalariak. Deskribapen orokorra eta sailkapen berri bat planteatu ostean, eta hainbat lekutako berezko hizkerak arakatu ondoren, euskalki nagusien azterketari ekin dio Zuazok. Mendebaleko euskara izan du abiapuntua hizkuntzalariak, orain arteko sinesmen asko kolokan jarriz.

Dialektologiari lotutako bizitza oso bat islatzen du Koldo Zuazoren bibliografiak eta lanak. Bere argitalpenek gaur egungo euskalkien ezaugarriak eta sorlekuak erakutsi dizkigute. Zenbait hizkeraren gaineko lanak ere argitaratu ditu, eta oraingoan, euskalki nagusien azterketarekin hasi da.

Xabier Mendiguren Elkar-eko editorearen laguntzaz, bere azken ekarpena aurkeztu zuen atzo, “Mendebaleko euskara” izenekoa. Mendigurenek ziurtatu zuen Zuazoren obra osoa miresgarria iruditzen bazaio ere, liburu hau «inoizko miresgarriena» dela. Egilearen ibilbidea goraipatuz, Zuazoren ahaleginak orokortasunak eta berezitasunak uztartzen jakin duela nabarmendu zuen. «Euskalkien sailkapen berria berak proposatua da. Euskalkien ikuspuntu orokor zehatzena berak egin du. Horrez gain, hainbat tokitako euskara zehatzak ikertu ditu. Ibili da eta dabil. Lekuan lekuko euskararen deskribapen ahalik eta zehatzena eginez». Zuazok begirada atzera bota eta «duela 28 urte hasitako bidearen» emaitza dela azaldu ondoren, ia hiru hamarkada hauen bilana burutu zuen. «Kuriositateak jota» eta Arabako euskara zaharra aztertzea helburutzat hartuta, 1989an eman zuen lehen urratsa. Harrezkero, beti egon da «Arabara begira». Burundako euskara aztertu ondoren, Deba ibarrera jo zuen. Eta Bizkaian sartuta, ipar-mendebaldeko nortasun handiko euskara ere ikertu zuen. Ondoren, berak aitortu bezala, mendebaleko euskara osotasunean aurkezteko egoeran kokatu zen.

200 orrialde baino gehiago duen liburuan, Zuazok egindako ikerketaren zehaztapenak azaltzeaz gain, hainbat ondorio berri plazaratzen dira. “Mendebaleko euskara” deitzen duena Bizkaiko alderdi euskaldunean, Gipuzkoako Deba ibarrean eta Arabako Aramaio eta Legutio udalerrietan erabiltzen da gaur. Euskalkiaren jatorriaz, beti uste izan da Bizkaian zegoela sustraia eta horregatik deitu izan diogu «bizkaiera». «Orain, ostera, Arabako euskararen zenbait lekuko agertu eta Arabaren aldamenetako hizkerak ere aztertu ondoren, gauzak beste era batera ikusten ditut: euskalkiaren ardatza Araban, eta zehatzago esateko, Gasteizen egon zitekeela ematen du», baieztatu zuen Zuazok. Egileak liburuan frogatzen duen legez, Gasteiz aldean izango luke jatorria, duela 1.000 urte inguru, eta bere eragin esparrua Gipuzkoako Goierri, Urola eta Nafarroako Burundara ere iristen da.

Liburuaren lehen zatiak, mendebaleko euskalkiaren bereizgarriak azaltzeaz gain, barnean hartzen dituen azpieuskalkiak eta hizkerak ere zehazten ditu, baita horietako bakoitzaren ezaugarriak ere. Bigarren partean hiztegi bat dator, 678 sarreraz eta 54 azpisarreraz osatua: gainera, berba bakoitzaren hedadura eta mugak ahalik eta zorrotzen zehaztuta, zein herri eta eskualdetan erabiltzen den azalduz. Mendigurenek, amaitzeko, «liburua atsegina» dela esan zuen, Nahia Grande ilustratzaileak osatutako ia 100 mapak azpimarratuz.