NAIZ

Itsas industriaren erronkak aztertuko dituzte Bilbon

Bizkaiko Merkataritza Itsasketako Kapitainen Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Bilboko Ingeniaritza Eskolak «Itsas Industria XXI. mendean» izeneko nazioarteko bigarren biltzarra antolatuko dute aste honetan.

Asteartetik ostegunera itsas sektoreko eragile nagusiek jardueraren orainari eta etorkizunari buruz eztabaidatuko dute Bizkaia Aretoan.

Foroa itsas eta portu sektoreko eragile publiko eta pribatu guztiei zuzenduta dago, Administraziotik hasi eta prestakuntza ikastetxeetara, itsasontzi enpresetara, ontzioletara eta kontsignatorioetara, portuko, itsasoko eta kostaldeko segurtasunaren ardura duten agintarietara, itsas salbamendura edo aseguru konpainietara.

Erakundeak, profesionalak eta konpainiak biltzarrean elkartuko dira, sektoreak dituen erronkak aztertzeko, etorkizuna eta lehiakortasuna bermatu ahal izateko.

Asteartean, maiatzaren 16an, eta asteazkenean, 17an, adituek sektorearen oraina eta berehalako etorkizuna markatzen duten gai nagusiak landuko dituzte: itsas legedia, itsasontzien eraikuntza, gurutzontziak, prestakuntza, itsasoko segurtasuna, XXI. mendeko arrantza industria, itsas trafikoa, laneko arriskuen prebentzioa edo teknologia eta berrikuntza.

Gainera, topaketa amaituko den egunean, ostegunean, maiatzaren 18an, Europako Itsas Eguna ospatuko da. Hori dela eta, nazioarteko biltzarrak ateak irekiko ditu jende guztiarentzat arratsaldeko 13.00etatik aurrera. Hurbiltzen direnek, Luis Jar Torre itsas kapitain eta ikerlariak eskainiko duen «Un abordaje con sorpresa. 100 años después la explosión de Halifax» hitzaldia entzun ahal izango dute.

Asier Atutxa Bilbao Port erakundeko presidenteak asteartean inauguratuko du biltzarra, eta Rafael Rodríguez Valero Espainiako Gobernuko Merkataritza Itsasketako zuzendari nagusiak amaituko du ostegun eguerdian.