@belastegi
DONOSTIA

EAEko Hezkuntza egoera larrian dela salatu dute kalean

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko eta Haurreskolak Partzuergoko langileak borrokan daude murrizketak salatzeko eta euren lan baldintzak defendatzeko, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuen ekimenez.

Bilbon egin den manifestazioa. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Bilbon egin den manifestazioa. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Joan den asteartean greba egin zuten, martxoaren 22an bezala gaur manifestazioak egin dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Kasu honetan, mobilizazioetan parte hartzeko deia ikasleen senideei luzatu diete, euren seme eta alabei ere eragiten dietelako murrizketek eta lege inposizioek.

Donostian mila pertsona inguru elkartu dira. Gurasoen kexa nabarmenena da irakasle batek baja hartzen duenean astebete baino gehiagoan ez dutela ordezkorik izaten. Era berean, aldarrikatu dute ez dutela euren seme-alaben gelan haur gehiago egotea nahi. Irakasleek ere ideia berdina dute; ordezko irakasleak ekartzen dituzten bitartean beraiek banatu behar izaten dute lana euren denbora librean. Ratioari dagokionez, aipatu dute gero eta haur gehiago egon klasean orduan eta denbora gutxiago eskaintzen zaiola bakoitzari, eta kaltetuak ateratzen direnak haurrak dira, batez ere behar bereziak dituzten horiek.

Haiekin batera sindikalistak ere agertu dira zitara. LAB eko Gorka Berasategik aipatu duenez, «Salagarria da EAJk daukan jarrera; langileak kalean gaude eta ez du inolako pausorik eman nahi izan negoziazioetan. Hezkuntza gizartearen oinarrietako bat da eta inbertsioak egin behar dira». Horregatik, EAJri eskatzen diote «PPren eskutik askatu dadila benetako hezkuntza eredu baten alde» egin dezan.

ELAko Maialen Aranburuk eskerrak eman nahi izan dizkio mobilizazioekin bat egin duten langile, ikasle, familia eta herritarrei. «Hezkuntza komunitatea osatzen dugun milaka langilek berriz ere Lakuako gobernuari berriz argi utzi diogu hankak lurrean ditugula eta gure aldarrikapenak erralistak izateaz gain zilegitasun osoa dutela eta herritarren babesa dutela», aipatu du. Esan duenez, soluzioak mahai gainean egon arte mobilizazioekin jarraituko dute.

Steilas sindikatuari dagokionez, Eider Berazadik adierazi du Administrazio Publikoak aurrekontu sozialen ardura hartu behar duela eta ez duela gai hori Madrilen esku utzi behar. Bestalde, Lomce legearen eta Heziberriren aurka agertu da: «Lomcetik datozen errebalida eta azterketa guztiak heziberri bitartez aplikatzen ari dira erkidegoan, eta hainbat eta hainbat ikastetxetan planto nabarmena egiten ari gara hau inposizioa delako. Gizartea tinko eusten ari da, irakaskuntza baita gizarte bati buelta emateko palankarik aproposena».