NAIZ
MADRIL

Calderonen galduta, Kopako finalari begira geratu da Athletic (3-1)

Athleticek ez ditu etxeko lanak egin, eta Realak aurre hartu dio sailkapen nagusian. Hala, Kopako finalari begira geratzea baino ez zaie geratzen zuri-gorriei, eta hura Bartzelonak irabaztea, datorren denboraldian Europan jokatu nahi badute. [Neurketaren xehetasunak]

Bi gol egin dizkio Fernando Torresek Athletici. (Oscar DEL POZO/AFP)
Bi gol egin dizkio Fernando Torresek Athletici. (Oscar DEL POZO/AFP)

Alaves eta Bartzelonak jokatuko duten Kopako finalaren emaitzari so geratzea baino ez du Athleticek datorren denboraldian Europan jokatzea nahi badu bederen, ez baititu etxeko lanak behar bezala egin. Seigarren ziren zuri-gorriak jardunaldiaren hasieran sailkapen nagusian, baina Calderonen Atletikoren aurka galduta, eta Realaren berdinketa dela eta, zazpigarren postura jaitsi dira.

Azkar ahaztea komeni den partida horietako bat jokatu dute lehoiek Calderonen. Erabat izan da nagusi etxeko taldea, eta beste partidei begira egotea baino beste aukerarik ez zaio geratu Athletici Europan jokatzeko ametsa bizirik mantentzeko.

Neurketa hasi eta berehala, 8. minutuan, aurreratu ditu etxekoak Fernando Torresek. Eta hiru minutu beranduago, madrildarrak berak, egin du bi eta hutsekoa. Markagailu horrekin erabat eroso sentitu dira etxekoak; Athletic ez zen gol aukerak sortzeko gai eta eurek mina egiten zuten kontraerasora.

Bigarren zatian gutxi aldatu dira gauzak. Atletikok jarraitu du neurketako jaun eta jabe izaten, eta hirugarren bat ere egin du Griezmannek, baina bertan behera utzi diote gola jokoz kanpo zegoelako. Williamsek 71. minutuan sartu duen golak piztu ditu Athletic zaleen animoak berriz ere, baina Correak, 89.ean, erabat sententziatu du neurketa.

Hala, eta Liga zazpigarren postuan amaituta, Bartzelonak Kopako finala irabaztea baino ez zaio geratzen Athletici datorren denboraldian Europan jokatzeko.