NAIZ
BAIONA

Baionako suprefeturara eraman du Aitzinak euskararen ofizialtasunaren aldeko aldarria

Kateaturik eta ahoak estalita, euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko protesta egin dute Aitzina gazte erakundeko hamarka kide Baionako suprefeturan.

Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko protesta egin du Aitzinak Baionan. (@Aitzinagazte)
Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko protesta egin du Aitzinak Baionan. (@Aitzinagazte)

Arratsaldeko bostak aldera, Aitzina gazte erakundeko hamarka kide, ahoak bandera frantsesekin estaliak eta eskuak kateatuta zituztela, Baionako suprefetura hurbildu dira bi ilara osatuta, euskararen ofizialtasuna aldarrikatu asmoz.

Eskuak loturik hiria zeharkatu eta gero iritsi dira suprefekturara, «hizkuntza bakartzat frantsesa duen errepublikaren zaindarien egoitzan». Zehazki, tren geltokitik eta epaitegitik zutabe bana abiatu dute.

«Kateatzen gara frantses errepublikak zapaltzen gaituela salatzeko», adierazi du Aitzinak sare sozialen bitartez zabaldutako mezu batean.

Behin suprefeturara iritsita, kateak kendu eta ahoan zeuzkaten banderak hautsi dituzte gazteek, euskararen aldeko oihu artean. «Guk euskararen ofiizaltasuna» zioen pankarta bat zabaldu dute parte-hartzaileek.

«Liberté dioten arren, guk badakigu euskaraz ikasi eta bizitzeko askatasuna egunero mugatzen digutela. Fraternité dioten arren, guk badakigu haurridetasuna edo Euskal Herrian bizirik dirauen komunitate-izaera deusestu nahi dutela ; bide batez, kultura globalizatuan asimilatuz. Baina bereziki, Egalité dioten arren, guk badakigu berdintasunaren izenean euskal hiztunoi ukatzen dizkiguten eskubideak direla berdintasun ezaren erakuslerik adierazgarriena», nabarmendu du erakundeak.

Suprefekturan eginiko ekimen hau «sinbolikoa» izan bada ere, «anbizio gehiagoko dinamika baten hastapena besterik ez dela» jakinarazi du Aitzinak.

Uztailaren 14ari begira abian jarritako Guk EH izenburupeko kanpainaren baitan kokatu du Aitzinak gaur egindako protesta ekimena eta datozen egun eta asteotarako antolatutako deialdietan parte hartzera ere deitu dute.