Sutea astelehen gaueko 23:30ean hasi zen, langileak Abadiñoko Muntsaratz auzoan dagoen galdategian lanean ari zirela, Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Granaila egiteko makina batek su hartu du eta keak langile bat kaltetu du; Galdakaoko Ospitalera eraman behar izan dute, kea arnasteagatik.
Suhiltzaileak enpresara joan dira eta gauerdi ingururako sugarrak itzaltzea lortu dute. Sutea gertatu den makinak kalte handiak izan ditu, iturri horren arabera.
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren salaketa
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) adierazi duenez, zauritutako langilea 29 urteko gaztea da. «Beste behin ere, lan istripu larri batean gazte bat kaltetu izana» deitoratu du ohar baten bidez.
Erakunde horrek salatu duenez, «prekarietatea eta lan baldintza kaskarrak lan istripuen, lan gaixotasunen eta lan osasunaren okertzearen zergati zuzena dira» eta horregatik azken urteetan gazteen lan baldintzak, «hobetu ordez, nabarmenki kaskartzen ari dira».
EGK-k ohartarazi duenez, egoera honek «gazteen osasun fisiko eta mentalean eragin kaltegarriak ditu eta lan istripuak zein prekarietatearekin harremana duten gaixotasunak pairatzeko aukerak areagotu egiten ditu».