NAIZ
GASTEIZ

Lehen Hezkuntzako ikasleen %23k eta DBHko %19k diote tratu txarrak jasaten dituztela

Ikas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak bullying-ari buruzko iritzi eta pertzepzioaren gaineko txostena egin du eta emaitzak Gasteizen aurkeztu dituzte, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua bertan zela. Eskola jazarpenaren inguruko sentiberatasunak gora egin duen arren, Lehen Hezkuntzako ikasleen %22,7k eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako %19k esaten dute «sarritan» edo «beti» pairatzen dituztela tratu txarrak.

Uriarte, Alonso eta Aizpurua, txostenaren aurkezpenean. (IREKIA)
Uriarte, Alonso eta Aizpurua, txostenaren aurkezpenean. (IREKIA)

Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak ISEI-IVEIk (Ikas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak) osatu duen ‘Ikaskideen arteko tratu txarrak 2016’ txostena aurkeztu du Gasteizen, ondoan Maite Alonso sailburuordea eta ISEI-IVEIko zuzendari Xabier Aizpurua zituela.

Ikerlanak Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6, mailetako eta DBHko ikasleek eskola-jazarpenaz duten iritzia eta pertzepzioa jasotzen du. Zehaztu dutenez, ikerketa EAEko Lehen Hezkuntzako 93 ikastetxetan eta DBHko 92tan egin da.

Lehen Hezkuntzako 5.962 ikaslek eta DBHko 7.610ek hartu dute parte. Maila eta ikastetxe bakoitzeko talde bat hartu dute, salbu eta mailako bi talde aukeratu diren kasu batzuetan.

Txostenak jaso dituen ondorio nagusien artean, Uriarte sailburuak nabarmendu duenez, azken hamarkadetan EAEko ikasleen artean eskola-jazarpenaren inguruan gertatu den sentiberatze eta kontzientzia hartze gero eta handiagoa dira aipagarriak.

Tratu txarren indize orokorrak ikerketa honetan erakusten duen gorakadaren arrazoia izan daiteke tratu txarrak gizartean gero eta ikusgarritasun handiagoa izatea. Lehen «ume kontutzat» hartzen ziren hainbat jokabide, orain jazarpen ekintzen artean sartzen dira. Gainera, gero eta beldur gutxiago zaio «estigmatizazioari», eta aiseago onartzen da norbere seme-alabek kalean ikus daitezkeen arazoak dituztela.

Uriartek azpimarratu du ikerketa ez dagoela baieztatutako kasuetan oinarrituta, baizik eta ikasleriaren pertzepzioa jasotzen duela.

Hala, 100 ikasletatik Lehen Hezkuntzan 23k eta DBHn 19k adierazi dute «sarritan» edo «beti» pairatzen dituztela tratu txarrak.

Biktimetan ehuneko handiena duen tratu txar mota ahozko tratu txarra da (%16,2 Lehen Hezkuntzan; %13,4 DBHn), bigarren tratu txar moten ehunekoak bikozten dituelarik (gizarte bazterketa Lehen Hezkuntzan eta jabetzei egindako erasoak DBHn).

Ciberbullyinga Lehen Hezkuntzan %3,3an kokatu dute eta %3,1ean DBHn.

Nola Lehen Hezkuntzan hala DBHn, biktimek gehiago jotzen dute familia eta lagunengana gertatzen zaienaz hitz egiteko, ikastetxeko profesionalengana baino. Lehen Hezkuntzako %26,6k eta DBHko %22,1ek, batzuetan ez diote inori kontatzen, eta Lehen Hezkuntzako ikasleen %4,4k, aldiz, ez du inoiz inorekin hitz egiten. DBHn, %6,3koa da datu hori.