NAIZ
BILBO

EH Bildu: «Prozesu eratzailea ibilbide baten jarraipena eta berri baten abiapuntua da»

Fase «erabakigarrian» sartu da EH Bilduren prozesu eratzailea, izan ere, bihartik aurrera barne hauteskundeetako hautagaiak bozkatzeko epea irekitzen baita. Era berean, koalizioak hilaren 17an Bilboko Euskaldunan egingo duen Kongresuan parte hartzeko izen ematera deitu dute.

EH Bilduren prozesu eratzaileaz mintzatu dira Ibaibarriaga eta Urrea. (NAIZ.EUS)
EH Bilduren prozesu eratzaileaz mintzatu dira Ibaibarriaga eta Urrea. (NAIZ.EUS)

EH Bildu garatzen ari den prozesu eratzailearen inguruko adierazpenak egin dituzte medioen aurrean Aitziber Ibaibarriaga eta Diana Urreak. Azaldu dute prozesua fase «erabakigarrian» sartzen dela, izan ere, bihartik aurrera barne karguetarako (Mahai Politikoa, herrialdeetako arduradun politikoak eta arloetako idazkariak) hautatzeko modua izango baita.

«EH Bildu herri hau osatzen dute emakume eta gizonen behar eta nahietara egokitzeko jarri genuen abian prozesu eratzaile hau», adierazi dute, gaineratuz aipatu prozesua «abiapuntu» bat baino ez dela: «Azken sei urteotako ibilbidean oinarriak dituen ibilbide berri bat hastera goaz».

Bide berria duela sei urteko ilusio berarekin ekiten dutela gaineratu dute eta, zentzu horretan, koalizioa indartzeko deia egin dute: «Goazen EH Bildu indartzera. Goazen herri honek nahi eta behar duen alternatiba politikoa guztion artean eraikitzera. Goazen ezkerreko subiranista guztien etxea guztion artean eraikitzera».

Barne hautagaien hautaketa kongresua.ehbildu.eus aplikazioan egin ahal izango da. Era berean, datorren ekainaren 17an Bilboko Euskaldunan egingo den Kongresuan izena emateko deia ere egin dute, bertan bozkatuko baitira Eztabaidarako Dokumentua eta Estatutuak.