GARA
IGORRE

Asko dute emateko jaiek igorreztarren gaurko egun handian eta igandera arte

Umeak izango dira gaur protagonista Igorreko jaietan. Bihar, berriz, kirola eta musika izango dira nagusi. Jaiek sei egun iraungo dute eta askotariko ekitaldiak izango dira. Kontzertu eskaintza aparta da, eta, larunbatean, ezin ahaztu euskararen aldeko Mile Baietz erronka.

Gaurkoa ez da eskola eguna Igorren. Helduen artean kontua oso ezberdina da, batzuentzako soilik baita jai eguna. Lanaldia bukatzean, hori bai, guztiak batuko dira parrandara. Txikienak zain izango dituzte. Goizean goizetik murgilduko dira jaian, txosnagunean irteera duen txutxu trena goiz eta arratsalde izango baitute eskuragarri Arratiako Merkatarien Elkarteari esker. Ikasgelak itxita izanagatik, puzgarriak ere goizez zein arratsaldez izango dituzte eskura txikienek eskoletan.

Eguneko egitaraua ez da hor bukatuko. Astrapala Rock Eskolaren kontzertua izango da txosnagunean, 19.00etatik aurrera. Antzerkiak itxiko du eguneko jai egitaraua 20.00etan, “Bodas de Sangre” antzezlanarekin, Lasarte aretoan.

Jaiak igandera arte jarraituko du, proposamen ugarirekin. Gazteak olinpiadetan parte hartzera gonbidatuta daude bihar. Musika eta kirola uztartuko du egunak, Arratiako Musika Eskolaren emanaldiak eta zumbatoia izango baitira arratsaldean.

Ostegunerako dago iragarrita jaietako herri afaria, gonbidapen berezi batekin: pijamaz jantzita agertzea. Aurretik, kaleak girotzeko, umeentzako play-backa eta helduentzat trikipoteoa izango dira. Gaua gehiegi luzatzea ez da komeni, ostiralean, 08.30ean, herri-armosua prestatu baitute AZ Rugbi tabernaren aurrealdean. Arratsaldean tortilla eta pintxo txapelketa izango da. Ostiraleko musika egitarauak All I Need, Desore, KOP eta Urrats erromeria taldea biltzen ditu.

Euskararen aldeko herri erronkari aurre egiteko deiarekin zabalduko da larunbateko egitaraua, o9.00etan, Intxaurbizkar elkarteak antolatutako VI. Mile Baietz ekimenarekin. Eguneko beste proposamen batzuk pilota partidak eta umore rallya dira. Azken gaupasa girotuko duten musikariak, berriz, Zona Especial (RIP taldearen bertsioak), La Txirla Records (La Pollaren bertsioak), Aldats erromeria taldea eta DJ Isma izango dira. Jaiak igandean amaituko dira, erretiratuentzako hainbat ekitaldirekin, eta, ezpainetan gozotasuna gordetzeko, txokolatea dastatzeko aukera ere izango da presoen lagunen eskutik.