GARA
DONOSTIA

«Hermes» berezia, «Eguna» egunkariaren 80. urteurrena gogoratzeko

Gaur bertan argitaratuko da, euskara hutsezko lehen egunkariaren azken zenbakia argitaratu zen egun berean, hain zuzen. Duela 80 urte izan zen hori, Francoren tropak Bilbon sartu baino egun batzuk lehenago.

“Eguna” euskara hutsean argitaratutako lehen egunkariaren sorreraren 80. urteurrena dela-eta, “Hermes” aldizkariaren azken zenbakia egunkari historikoari buruzkoa da. Gaur bertan argitaratuko da, euskara hutsezko lehen egunkariaren azken zenbakia argitaratu zen egun berean, hain zuzen. Duela 80 urte izan zen hori, Francoren tropak Bilbon sartu baino egun batzuk lehenago.

“Eguna” kazetaren sorrera gogoratzeko ekitaldiak otsailean hasi ziren, Bilboko Posta kalean oroigarria jarri zenean egunkaria sortu zeneko atarian. Ondoren, “Euskal prentsaren hastapena, oraina eta geroa” jardunaldia egin zen. Hain zuzen ere, “Hermes” aldizkariaren zenbaki berezian jardunaldi horretan aurkeztu ziren hitzaldiak eta hausnarketak jaso dira, beste ekarpen batzuekin batera.

Horrez gain, BilbaoArte arte ekoizpeneko zentroko lau artista gazteren lankidetza artistikoa izan du “Hermes” aldizkariaren 56. zenbakik. Elisabeth Perez Fernandez, Ruth Juan, Juan Malc eta Aitor Arakistain dira lau artista horiek.

Zenbaki berezi honen 2.000 ale inguru argitaratuko dira. Ohiko banaketaz gain, Bilboko Udalaren liburutegien sarean eta liburutegietan ere egongo da eskuragarri.

“Eguna” egunkaria 1937ko urtarrilaren 1etik 1937ko ekainaren 13ra arte argitaratu zen. Guztira, 139 zenbaki kaleratu zituzten.