NAIZ
ZARAUTZ

Presoen eskubideen aldeko martxa antolatu du Kalera Kalerak uztailaren 20tik 27ra

Ezker abertzaleko Kalera Kalera dinamikak ‘Kalera’ martxa egingo du oinez uztailaren 20tik 27ra, preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde. Gernikan hasi eta Lakuntzan bukatuko da.

338 toalla jarri dituzte Zarauzko hondartzan, bakoitzaren gainean lehenbailehen preso bat egon dadin aldarrikatzeko. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
338 toalla jarri dituzte Zarauzko hondartzan, bakoitzaren gainean lehenbailehen preso bat egon dadin aldarrikatzeko. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

‘Kalera’ martxa aurkeztu du gaur ezker abertzaleak Zarautzen, hain zuzen ere martxa igaroko den herrietako batean. Hango hondartzan 338 toalla huts jarri dituzte, preso bakoitzeko bana. «Toalla horiek presoen lekukoa hartzen dute, eta helburua da lehenbailehen bakoitzaren gainean preso bat egon dadin eguzkia hartzen eta gure Kantauri itsasoaz gozatzen», adierazi dute.

Martxa uztailaren 20an abiatuko da Gernikatik eta 27an bukatuko da Lakuntzan. Zortzi egun horietan hainbat herri zeharkatuko dituzte oinez, euskal preso politikoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak aldarrikatzeko eta gatazka politikoaren ondorioak «behingoz» konpontzeko eskatzeko.

Lehen egunean Gernika-Busturia-Bermeo igaroko dituzte; bigarrenean Bermeo-Ea-Lekeitio; hirugarrenean Lekeitiotik Ondarroara joango dira; uztailaren 23an Ondarroa-Mutriku-Deba ibilbidea egingo dute; 24an Deba-Zumaia-Getaria; 25ean Getaria-Zarautz-Hernani, 26an Hernani-Anoeta-Ibarra; eta azken egunean Ibarra-Etxarri Aranatz-Lakuntza ibilbidea egingo dute.

Martxan jai giroa eta presoen eskubideen aldeko aldarria uztartuko dute, eta etapa bukaera bakoitzean kultur ekitaldiak izango dira.

Kalera Kalerak dei egin die herritarrei, eta batez ere gazteei, parte har dezaten. «‘Kalera’ martxa jendez bete behar dugu, kolektiboari babesa eman behar zaio. Bere eztabaida estrategikoa ia bukatzear dagoenean, sentitu behar dute ezker abertzaleko militantziaren maitasuna eta berotasuna», nabarmendu du Mikel Urdangarinek agerraldian.

Horrekin batera, gatazkaren konponbideak «integrala» izan behar duela adierazi du. «Presoak kalera ateratzea Euskal Herria bakean eta askatasunean bizitzeko ezinbesteko urratsa izango da».