NAIZ
GASTEIZ

Oyarzabalek dio elkarbizitza «hautsi» nahi duten proiektuen aurka egingo duela PPk

Kidegoaren %98,7aren babesa jasota, PPren Arabako buru izaten jarraituko du Iñaki Oyarzabalek. Agintean den heinean bizikidetza «hautsi» nahi duten ekimenen aurka egingo duela iragarri du.

Oyarzabal, alderdiaren Arabako Kongresuan. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Oyarzabal, alderdiaren Arabako Kongresuan. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Arabako PP bere kongresua egin du igande honetan Gasteizen eta bertan, kidegoaren %98,7ko babesarekin, Iñaki Oyarzabal hautatu dute alderdiaren presidente izaten jarraitzeko lurraldean. Bere hitzartzean, gaurkotasun politikoko hainbat gai jorratu ditu Oyarzabalek.

Hasteko, adierazi du berea «duintasunaren» proiektua dela, «zintzotasunean» oinarritzen dena, eta herritarrei konfiantza transmititu asmoz jardungo duena. Horregatik, gardentasunaren aldeko aldarria egin du.

Hitzartzearen zati handiena, baina, legeei zor zaien errespetuaz hitz egiten eman du Oyarzabalek. Adierazi du euskal erakundeetan egiten ari den oposizio «eraikitzailearekin» jarraituko duela, hauen oinarrian «bizikidetza» eta «legearekiko errespetua» jarriz.

Bi urtean ospatuko diren udal hauteskundeen inguruan, berriz, azpimarratu du bere alderdiak Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia berreskuratzeko aukerak dituela. EAJk alkatetza lortu ahal izateko egin zuen «koldarren paktua» gaitzetsi du Oyarzabalek, eta zerga igoerarik ez duela onartuko aurreratu.

Azkenik, «bizikidetzarekin apurtu» nahi duten horiek PP aurrean izango dutela gaineratu du: «Konstituzioa eta Estatutua defendatuko ditugu; PPk zuhurtziaren eta egonkortasunaren berme izan behar du».