UEU
Entrevue
Ibon Meñika eta Unai Palenzuela
Gite-Ipes eta Ernai

«Bestelako parte hartze politiko batzuetan jarri nahi genuen arreta, parte hartzetik boteretzarako logikan»

UEUren Iruñeko Udako Ikastaroen barruan eta GITE-IPESrekin elkarlanean ‘Gazteak: parte-hartze politikotik boteretzera?’ izeneko ikastaroa izan da atzo. GITE-IPESek eta Ernai gazte erakundeak abian jarritako gogoeta prozesuaren barruan kokatzen da ikastaroa. Ibon Meñika Orue-etxebarriak (GITE-IPES) eta Unai Palenzuela Argotek (Ernai) eman digute gogoeta prozesuaren berri.

Gazte boterearen inguruan gogoeta egin eta sakontzeko antolatu duzue ikastaroa. Baina aurretik dator gogoeta
.

Ibon Meñika: Gutxi gorabehera ikasturte honen hasieran abiatu genuen gogoeta Ernai eta GITE_IPESek elkarlanean. Hein handi batean Ernaitik zetorkigun nolabaiteko gonbidapen bati loturik. Eta guk IPES moduan begi onez ikusi genuen honelako gogoeta bati ekitea eta erronka moduan planteatzea. Iruditzen zaigulako gazteengandik etortzen diren gogoetak, eztabaidak eta hausnarketak interes berezia izan behar luketela eraldaketa klabeetan egon daitezkeen pertsona eta aktibo, zein subjektu guztientzako. Aldi berean iruditzen zaigu gazteak zertan dabiltzan gogoeta etengabean gabiltzala eta askotan oinarrizkoa den horri ez diogula erreparatzen. Gazteak zertan dabiltzan jakiteko gazteei entzutea eta gazteengandik etortzen diren hausnarketei dagokien zentralitatea eta aitortza ematea dagokigula. Hori da hein handi batean bete behar dugun funtzioa. Guk IPES moduan zubigintza lan horretan uste genuen interesgarria izan zitekeela holako gogoeta bat eta, gainera, elkarlan edo lankidetza klabeetan kokatzea. Iruditzen zaigu errealitate soziala gaur egun oso konplexua eta erpin askokoa dela; eta belaunaldi berriek izan ditzaketen ikuspegiak, ulerkerak, eztabaida gakoak, korapiloak zein korapilo horiek askatzeko izan ditzaketen baliabideak baliagarriak izan daitezkeela bestelako sektore eta esparru batzuetan erreferentzia bezala erabiltzeko.

Unai Palenzuela: Gure partetik aspaldidanik ikusten genuen honen inguruko gogoeta abian zegoela, bereziki ikasturte honen bueltan; eta ikusten genuen urrats bat ematea falta zela . Alde batetik forma emateko teorizazio horri guztiari eta gogoeta horretan sakontzeko, baina baita eztabaida bera zabaltzeko eta bestelako gazte eremu batzuetan garatzeko. Sarritan hitz egiten da parte hartze politikoaz, gazteez, gazteriaz… Irudi oso konkretu bat dago parte-hartze horren inguruan, oso adierazle konkretuetara jotzen da. Bozka, alderdietan parte hartzea, forma espontaneoak… Guk arreta jarri nahi genuen bestelako parte hartze politikorako praktika batzuetan. Parte hartzetik boteretzarako logika horretan.

Orain arte egindako hausnarketa aurkeztu duzue ikastaroan. Zeintzuk dira klabeak? Zeintzuk dira atera dituzuen ondorio nagusiak?

U.P: Guk hausnarketa bera ez dugu planteatu modu itxi batean. Ondorio zurrun batzuekin. Eta oraindik ere osatze prozesuan ari gara. Ondorioak lerro nagusitan, gaztetasuna eta gazte sektore desberdinetatik planteatzen den esku-hartze politikoa baliagarria dela klabe eraldatzaileetan. Baldin eta erreparatzen baldin badiegu beste kokapen sozioestruktural eta baldintza sozial batzuei. Gure kasuan arreta berezia jarri diogu klase sozialari, nazio aferari eta genero sistemari. Ulertzen dugulako horiek direla gure bizitza ezaugarritzen duten zapalkuntza zentralak. Gure gazte izatearen kondizio hori eta heldu eta gazte arteko botere harreman horiek -harreman interpertsonaletan instituzio desberdinen bidez garatzen direnak- direla bitarteko bat gazteen integrazio zehatz bat garatzeko sistema politiko eta ekonomikoan. Ulertuta gure gazte izatea dela dependentzia egoera batetik emantzipazio prozesu baten edo desberdin bidez, sisteman integratzera bideratutakoa. Guk arreta jartzen diogu prozesuaren nolakotasunari. Nola egin dezakegun bestelako klabe eraldatzaile batzuetan bestelako norabideratze bat hartu dezan.

Helmuga aldatzeko.

U.P. Hori da. Helmuga aldatzeko baina prozesuari berari ere garrantzia emateko. Helmuga bera ere aldatu izan da sistema ekonomiko, politiko eta sozialaren ondorioz. Helmugak jarraitzen du bera izaten, prekarietatea… Bideratuta dagoena sistemaren erreprodukziora eta ez horren aldaketara. Gazte izate horrek sortzen dizkigula lan munduari, bizitza problematikari, aisialdiari… espezifikotasun batzuk. Baita ere eratzen direla horren sostengurako heldu eta gazteen arteko botere harreman konkretu batzuk. Batzuetan gu geu ere ez gara konturatzen existitzen direnik. Mugimendu feministak uzten digun irakaspena da. Azken urteetan asko bisibilizatu duela gu konturatzen ez garen botere harreman batzuk existitzen direla eta horren bidez mantentzen direla zapalkuntza estruktura horiek.

Dena ezbaian jarri duzue ikastaroan. Galderetatik abiatu zarete.

U.P: Hori da. Guk ikastaro honetara ailegatzeko jorratu duguna alde batetik da zer da benetan gazte izatea, zein kokapen berezi ematen digun gazte izate horrek. Rol sozialei dagokienean, zein eratako eremu sinboliko oso bat eraikitzen den horren inguruan. Zer nolako integrazioa daukagun lan harremanei dagokienean, hezkuntza sistemari dagokionean…

I. M: Gure partetik ikusten genuena zen parte hartze politikoaz mintzatzen garenean, eredu sistemaren logikatik haragoko parte-hartzeaz hitz egiten ari garenean, egiten dugun edozein gogoeta logika alternatibo horren arabera egin behar genukeela. Guk egiten ari garen gogoetaren nolabaiteko bizkarrezurra planteatzen dugu, eskema posible bat, baina dakarguna ezbaian jartzera ere etorri gara; egon daitezkeen ikuspegi, ñabardura eta iritzi desberdinak ere txertatzeko, barneratzeko. Edo eztabaida berriak sortarazteko. Iruditzen zaigulako ez daudela eztabaidarako gako kategoriko batzuk. Badago joera ideia nagusi eta oso kategoriko, oso magistralen araberako gogoetak egiteko eta gero horren arabera elkarbanatzeko. Guk irudipena dugu errealitate bat hain konplexua denean, hain absolutuak diren ondorioetara heltzea ezinezkoa dela. Eta, gainera, iruditzen zaigu lehen Unaik aipatu duen bezala prozesuak berak modu parte-hartzaile batean parte-hartze politiko hori modu integralago batean ulertuz gero, emaitza askoz ere osatuagoa izango dela, askoz lagungarriagoa izango dela eta parte hartu izan duen pertsona orok ekarpena egin izanaren sentsazioa izango duela. Guk eztabaida bera modu dinamikoan ulertzen genuen. Ikastaroan ere saiatu izan gara metodologikoki eta abar ekarpen bat egitea logika horretan. Ikastaro honek seguruenez input berriak emango dizkigu guk ere eztabaida horretan beste buelta bat eman ahal izateko eta ondorio berriak ateratzeko. Iruditzen zaigu modu horretan ulertuz gero parte-hartzea gogoeta hau ahalik eta jende, ahalik eta gazte gehienengana heltzeko aukera emango digula; eta aldi berean, egon daitezkeen iritzi ezberdin gehiago jasotzeko. Zentzu horretan ikastaroan bertan nabaritzen ari garena da horretarako motibazioa dagoela, badagoela horren beharra, eta gainera badaudela iritzi kalifikatu ugari. Eta horiei beti dagokien atentzioa, arreta, garrantzia eta protagonismoa eman behar geniekeela.

Azken batean ahalduntzea hori da, galderak egitea.

I. M: Bai hori da. U.P: Ahalduntzea ukatuak izan zaizkigun praktika sozial desberdinetan gaituak sentitzeko izan da, edo mekanismo horiek berreskuratu eta gaituak sentitzeko. Guk harago jorratu nahiko genituzke beste dimentsio horiek. Bizitza antolatzen duten espazio guzti horiek zeharkatu nahi ditugu, emantzipazio prozesua gauzatzen duten forma guzti horiei beste helmuga bat eta beste bide bat eman nahi dizkiegu. Sinbolikoki bizitzaren beste ulerkera, balio, logika sistema bat eraikitzea eta finean bizitzeko beste izateko modu bat garatzea.

Aipatu duzue hemen egiten den gogoeta honek ez duela bakarrik gazteriari begira balio. Hausnarketa honetatik zer lortu nahi duzue?

I.M: Iruditzen zaigu IPESen papera interesgarria izan daitekeela. Guk jendartean egon litezkeen errealitate desberdinengan arreta jarri nahiko genuke. Azpimarra klabe eraldatzaileetan, bestelako eredu alternatibo batzuetan kokatu daitezkeen eragile, subjektu, eremu edo dena delakoetan jarriz. Iruditzen zaigu hemendik ateratze diren gogoetak elementu komunak detektatzeko baliagarriak izango direla. Elementu komun horiek trukatzeko espazioen falta sumatzen dugu. Guretzat zentzu horretan UEUrekin lankidetza espazio komun horietarako bide bihurtu da. Norabide horretan bitarteko gehiago jartzen saiatu nahiko genuke IPESetik. Hemen ateratzen diren ondorioek segida izango dutela ulertuta, argitalpen forma eman nahiko genioke Durangoko azokara begira. Bai gazte mugimenduari begirako baliabide moduan, norberak bere buruaren inguruko gogoeta egin ahal izateko, baina baita beste espresio, eremu edo beste pertsona batzuei begirako euskarri bat izan daitekeela. Ziurrenik gogoeta edo hausnarketa prozesu honetatik ondorio berriak aterako ditugu, eztabaida gehiagoren bitartez, eta ondorioei begira gogoeta berriak sortaraziko direla. Gazteei sentsazio daukagu askotan nolabaiteko distantzia sozial baten arabera begiratzen diegula. Gazteak nolabaiteko logika eta norabide batean daudela eta gainerakook beste logika batzuetan. Irakurketa hori askotan sintomatikoa dela iruditzen zaigu eta elkarrizketa sozial gehiago, zubigintza gehiago eta bitarteko gehiago behar genituzkeela. Konturatuko ginatekeelako ateratzen diren hainbat gogoeta esparru eta espresio desberdinetan, kasu honetan gazteei begirakoan, elementu komunak direla beste esparru batzuetan. Euskarri horrek piztu nahiko lukeen eztabaida ez da bakarrik gazteei begirakoa; herri mugimendu edo klabe eraldatzaileetan, edo interes berezia eduki dezakeen edozein pertsonentzako izan beharko litzateke. Eta oxala beste argitalpen baten beharra izatea. Eztabaida gehiago piztu dugun seinale litzateke.

U. P: Guk planteatzen dugu teorizazio honek guztiak soilik zentzua izan dezakeela praktikan. Praxiaren logika horretatik guk praktika teorizatzen dugula. Beharbada hau da horren emaitza, baina modu berdinean teoria praktikara eramaten dugula eta garapen horrek eramaten duela garapen teoriko praktiko jarrai batetara. Horretarako euskarri bat da orain garatzen ari garen eztabaida eta bertatik aterako ditugun ondorioak, baina espero dezagun aurrerago jarraitzea horretan sakontzen. Uste dugu interesgarria izan daitekeela ez soilik gazte eremuan eztabaidarako, baizik eta bestelako herri mugimenduetako espazio batzuetan ulertzeko gazte mugimendu batzuetatik zer den planteatzen duguna, zein parametrotan mugitzen garen. Eta beharbada harreman interpertsonaletan eta heldu eta gazte arteko botere harreman horietan botere harremanak gainditu nahi dituzten espazio horietan ere urrats batzuk egin ditzagun gazte eta helduen arteko botere harreman horiek identifikatzeko eta gainditzeko.