NAIZ

Shane Hammink holandarrak Bilbao Basketen jokatuko du datorren denboraldian

Shane Hammink eskolta-hegaleko holandarrak RETAbet Bilbao Basket taldean jokatuko du datorren denboraldian. 23 urte eta 1.98 metroko jokalariak bi denboraldirako kontratua sinatu du, beste urte bat luzatzeko aukerarekin.

Shane Hammink. (Bilbao Basket)
Shane Hammink. (Bilbao Basket)

Talde bilbotarrak bere webgunean jakinarazi duenez, Baton Rouge hiri estatubatuarrean jaio arren, Hammink Holandan hazi zen jokalari bezala, eta 2011-12 denboraldian Canarias Basketball Academy ospetsutik ere igaro zen. Handik NCAAra joan zen, eta bi urte egin zituen Lousiana State unibertsitatean.

Ondoren, Valparaiso unibertsitatera joan zen, eta Alec Peters taldeko izarraren ondoan, batez besteko bikainak lortu zituen senior urtean: partidako 15.1 puntu, 3.9 errebote eta 2.5 asistentzia. Jokalariak Holandako selekzioarekin jokatu du maila guztietan.

NBAn hiru urte jokatu zuen Geert Hammink pibot holandarraren semea da Shane Hammink. Bere aitak Alemanian, Grezian eta Italian ere jokatu zuen, eta 1997an denboraldi aurrea egin zuen Baskoniarekin.

Bilbao Basketen kirol zuzendaritzaren hitzetan, Shane Hammink «balio anitzeko kanpoko ezker jokalaria da, eta gure perimetroko beste jokalariekiko profil ezberdina dauka». «Oso atleta ona da, baloia igotzeko trebezia dauka eta 'pick and roll' bikain jokatzen du. AEBetako prentsa ezpezializatuak NCAAko europar jokalarien boskote onenean sartu zuen iaz. Elitezko saskibaloia odolean darama eta gosea eta gazteria ekarriko dio gure taldeari», adierazi du.