GARA
DONOSTIA

Kortxoeneko gazteek 40.000 euro eskatzen diote enpresari kalte-ordainetan

2015eko azaroan Kortxoenea gaztetxearen hustea legez kontrakoa izan zela diote gazteek. Eraikuntza enpresa salatzeaz gain, Udalaren parte hartzea ere salatu nahi dute, bazekitelako zer ari zen gertatzen.

Kortxoenea gaztetxeak hura eraitsi zuen eraikuntza enpresaren kontra jarritako auzia hasi zen atzo. Gazteek legez kanpoko eraisketa izan zela egozten diote enpresari. Hori dela eta, abokatuak 40.000 euroko kalte-ordainak eskatzen ditu gaztetxean une horretan zeuden objektuengatik eta gaztetxearen irudia kaltetua izan delako.

Aurretik, elkarretaratzea egin zuten Donostiako epaitegiaren aurrean “Zuen hiria, gure miseria. Kortxoenea aurrera!” lelopean. Bertan, gaztetxearen kide den Ioritz Berrak adierazpenak egin zituen, eta Hamaika Telebistak jaso zituen: «Guk salaketa jarri genuen desalojoa ilegala zela ulertzen genuelako. Han bertan geundela, poliziaren edo epailearen inongo baimenik gabe, bortizki desalojatuak izan ginen mertzenario moduko batzuengatik, eta horregatik enpresaren kontra salaketa jarri genuen. Eta gainera, badakigu hori gertatu zela Udala jakitun izanda eta hori ere salatu nahi dugu», azaldu zuen bozeramaileak.

Epaiketan bizilagun batek lekuko bezala deklaratu zuen, eta esan zuen uniformerik gabeko jendea ibili zela gaztetxea husten polizia iritsi aurretik ere. EH Bilduko zinegotzia den Ricardo Burutaranek esan zuen udaletxean bazutela gaztetxean egiten zutenaren berri.

Kortxoeneko gazteen abokatuak eskatzen duenari erantzunez, defentsak dio ez dagoela frogatuta aipatzen diren gauzak gaztetxe barruan zeudenik, eta hustea ez zela legez kontrakoa izan eraikuntza enpresak jabetza baimenak zituelako.

Gazteen epaiketa

Pasa den maiatzean eraisketari aurre egin zioten bi gazte epaitu zituzten. Hauek protestak egiten ari zirela atxilotu zituzten. Urtebeteko kartzela zigorra eskatu zuten Ategorrieta kalean egindako eserialdian parte hartzeagatik. Auzipetuei babesa eskaintzeko asmoz, elkarretaratzea egin zuten epaitegi aurrean.

Azkenean, gazteak akordio batera iritsi ziren eta hiru eta sei hilabeteko zigorra egotzi zieten azkenean, espetxea saihestuz. Hala ere, bi urteko kondena etetea ezarri zieten, beraz, bitarte horretan atxilotuak badira espetxeratu egingo dituzte.

Kortxoenean gertatutakoak kontuan izanik, eta Bilboko Kukutzara eta Gasteizko Errekaleorrera begirada botaz, azpimarratu zuten gisa honetako proiektuek ez badute EAJren hiri ereduetan lekurik, eredu horiei buelta emateko lan egingo dutela.