NAIZ
DONOSTIA

Helduak doan euskalduntzeko proposamena aurkeztu du Kontseiluak

Kontseiluaren baitako eragileek, beste batzuekin elkarlanean, helduen doako euskalduntzea ahalbidetzeko proposamen zehatz bat helaraziko diote Lakuako Gobernuari.

Helduen doako euskalduntzerako proposamenaren aurkezpena. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Helduen doako euskalduntzerako proposamenaren aurkezpena. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Kontseiluaren baitako eragileek (AEK, IKA, Maizpide eta Urrats eta Hitzez euskaltegiak), beste hainbatekin elkarlanean (Ilazki, Legazpi 6, Mikelats, Udaberria, Gabriel Aresti, Juan Mateo Zabala, Bilbo Zaharra, Bai and By, Gotzon Garitaonandia, Labayru eta Hegoalde), ‘Doakotasunerako bidean’ izeneko proposamena landu dute helduen doako euskalduntzerako eta Lakuako Gobernuari helaraziko diote.

Donostian egindako agerraldi batean gogoratu dute «aldarrikapen historikoa» dela euskara ikastea doakoa izatea. «Justiziazkoa delako. Izan ere, herri kohesionatua nahi badugu, herritar guztiei tresna guztiak eskaini behar zaizkie eta hor kokatu behar dugu berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea», azaldu du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak.

Era berean, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloan horretarako zein neurri behar diren zehazten duela gogoratu du Bilbaok.

Agerraldian azaldu dutenez, prestatutako txostenarekin proposamen zehatza egin nahi izan diote Lakuako Gobernuari euskalduntze prozesuaren doakotasunaren baitan. «Agintean dagoen Gobernua eratzeko itunean bertan jaso egin zen helburu gisa euskararen gizarte-hazkundea finkatzea, euskal hiztunen kopurua handituz eta hizkuntza-gaitasuna hobetuz; bai eta helduek C1 mailara arte euskara doan ikasi ahal izateko prozesua amaitzea ere», ekarri du gogora Bilbaok.

Elkarlanean planteatu duten proposamenak, zehaztu dutenez, lau ideia nagusi jasotzen ditu. Lehenik eta behin, esan dute zaila dela zehaztea pertsona baten euskalduntze-prozesua noiz bukatzen den. «Egia da, egun, administrazio publikoetako lanpostuei begira hizkuntza-eskakizunen sistema jarrita dagoela. Gure proposamenari dagokionez, eztabaida ez dugu kokatu nahi lanpostu zehatz baterako pertsona batek izan behar dituen gaitasun komunikatiboetan. Aitzitik, herritarrek beren burua osoki euskalduntzeko lortu beharreko gaitasunak dira guretzat oinarri», argitu du Bilbaok.

Bestetik, doakotasuna, ikaslearen aprobetxamenduaren baitan bermatzea proposatzen da. Ikasleak, horretarako, %75eko asistentzia bermatu beharko du. Eta euskalduntze-prozesua kronifikatu ez dadin, 2.000 orduko ikastordu-kreditu muga proposatzen da.

Euskalduntzearen doakotasuna Lakuarenren eskumena izatea proposatzen da eta horretarako, leihatila bakarra egotea, HABEren bitartez kudeatuko dena.

Amaitzeko, inbertsio ekonomiko egokiak ahalbidetzea proposatzen da, doakotasuna bermatu ahal izateko. Ildo horretan, Bilbaok aipatu du, «zerbitzu publikoa den heinean, helduen euskalduntzearen zerbitzuaren zatirik handiena Eusko Jaurlaritzak hartu behar du bere gain».