NAIZ

Vanesa Fernandez Guerra izango da Zinebiko zuzendari berria

Vanesa Fernandez Guerra Ikus-entzunezkoen Komunikazioko doktorea eta Dokumental eta Ikus entzunezkoen Idazketako espezialista da. Zinebiren zuzendaritzaren ardura hartuko du 2018ko urtarrilaren 1ean Ernesto del Río erretiratu ondoren.

Vanesa Fernandez Guerra. (Bilboko Udala)
Vanesa Fernandez Guerra. (Bilboko Udala)

Vanesa Fernández Guerra (Durango, 1980), Ikus entzunezkoen Komunikazioko doktorea eta UPV/EHUko irakasleak Ernesto del Ríoren lekua hartuko du urtarrilaren 1ean ZINEBI Nazioarteko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdian.

Izan ere, Ernesto del Río urtearen amaieran erretiratuko da, Bilboko jaialdiaren ardura 18 urtetan izan ondoren.

Bilboko Udalak lan-eskaintza publikoa deitu zuen plaza hori betetzeko eta, genero honetan estatuko eta Europako zaharrena den lehiaketaren historian lehenengoz, emakume batek hartuko du.

Vanesa Fernández Guerra Ikus-entzunezkoen Komunikazioko doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta bertako Ikus-entzunezkoen Komunikazioko gradua koordinatzen du gaur egun. Ikus-entzunezkoen Komunikazioko lizentziatua eta Dokumental eta Ikus entzunezkoen Idazketako espezialista da, irakaslea da eta EHUko, Bartzelonako UABko eta EiTB taldeko zenbait gradu eta masterretako kudeaketa-lanak egiten ditu.

Urte batzuetan, irakasle-lanak eta telebistarako proiektuetako errealizadore eta editore lanak uztartu zituen.

Gaur egungo Estatu espainiarreko zine dokumentalari buruzko diziplina anitzeko ‘Territorios y Fronteras. Research on Documentary Filmmaking’ proiektuaren koordinatzailea da.