NAIZ
DURANGO

Durangoko Udalak eta hainbat elkartek kereila aurkeztuko dute 1937ko bonbardaketagatik

Durangoko Udalak, talde politikoek eta hainbat elkartek osatzen duten Martxoak 31 Batzordeak 1937an herria bonbardatu zutenen aurkako kereila aurkeztuko du. Hirurehundik gora hildako eta ehunka zauritu izan ziren.

Durangoko bonbardaketan hil zirenei omenaldia, iaz. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Durangoko bonbardaketan hil zirenei omenaldia, iaz. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Durangoko Martxoak 31 Batzordeak agerraldia egingo du heldu den uztailaren 18an, 1937an herria bonbardatu zutenen aurka aurkeztuko duen kereilaren berri emateko. Ohar batean jakinarazi duenez, urte hartako martxoaren 31an, apirilaren 2an eta 4an Durangoko jasan zituen bonbardaketen eta metrailaketen egileen aurkakoa izango da kereila.

Egun horretan bertan, eguerdian, elkarretaratzea egingo dute, bost minutukoa, Ezkurdin, eta ondoren kereila jartzera joango dira epaitegira. 

Durangoren bonbardaketan hirurehundik gora pertsona hil ziren eta ehunka zauritu, hamaika etxe eta eraikin suntsituta geratu ziren. Martxoak 31 Batzordearen ustez, eraso hori «gizateriaren aurkako krimena izan zen, preskribitzen ez denetakoa», eta horregatik kereila aurkeztea erabaki dute. Kereila tramitera onartuz gero, beste ekimen bat abiaraziko dute, nahi duten elkarteek kereilan herri-akusazio gisa aurkeztu daitezen.

Martxoak 31 Batzordea Durangoko Udalbatzarrak, alkateak eta zinegotziak, Durangoko alderdi politikoek eta Durangoko hainbat herri-elkartek osatzen dute, hala nola, Gerediaga Elkarteak, Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundeak, Kriskitin Dantza Taldeak, Ongi Etorri Kovanêk, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Durango 1936 Kultur Elkarteak.