GARA
BILBO

Paul Austerrek «4 3 2 1» eleberri berria aurkeztuko du irailean Bilbon

Paul Auster idazle estatubatuarrak “4 3 2 1” izenburuko eleberri berria aurkeztuko du Bilboko Alondegian irailaren 6an, Europan zehar egingo duen biraren barruan.

Paul Auster idazle estatubatuarrak “4 3 2 1” izenburuko eleberri berria aurkeztuko du Bilboko Alondegian irailaren 6an, Europan zehar egingo duen biraren barruan. Ekitaldia eraikineko auditoriumean izango da, 19.30etik aurrera, eta sarrerak eskuragarri daude Infopuntuan eta www.azkunazentroa.eus webgunean.

AEBetako egungo idazlerik handienetakoa da Paul Auster (New Jersey, AEB, 1947), eta oso lan ezagunak egin ditu, tartean New Yorkeko trilogia. Columbian egin zituen ikasketak, eta, literaturan lizentziatu ondoren, Parisera joan zen. Itzultzaile lana egin zuen bertan, 1974an AEBetara itzuli zen arte. Ordutik Brooklynen bizi da, eta literaturan jardun du.

Bere lanetan, Austerrek filosofiatik eta existentzialismotik hurbil dauden gaiak nahasten ditu, maiz errealismo magikora hurbiltzen diren bilbeekin. Hainbat liburu arrakastatsu idatzi ditu, besteak beste, “City of Glass”, “Ghosts”, “In the Country of Last Things”, “Moon Palace” eta “Leviathan”.