NAIZ
DONOSTIA

Kontxara martxa deitu du Satorralaiak larunbatean, metroaren pasantearen aurka

Satorralaia mugimenduak Kontxara martxa deitu du larunbatean, Donostiako metroaren pasantea eraiki ez dezatela aldarrikatzeko. Madrilgo Kostalde eta Itsas Inguruneko zuzendaritzak obra Kontxako hondartzaren azpitik egiteko baimena eman duela-eta, erabaki horretan izan den «gardentasun eza» salatu du.

Satorralaiako kideak Kontxan, larunbateko mobilizazioaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Satorralaiako kideak Kontxan, larunbateko mobilizazioaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Satorralaia bizilagunen mugimenduak agerraldia egin du Donostian, larunbatean antolatu duen mobilizazioa aurkeztu eta metroaren pasantearen inguruan izan diren azken berrien inguruko gogoeta egiteko. 

Martxa larunbatean, 12.00etan abiatuko da Easo plazako tren geltokitik eta Kontxako erlojuetan bukatuko da. Hondartzan ekintza sinbolikoa egingo dute, «erokeriazko azpiegitura hori» Kontxaren azpian eraiki nahi dutela salatzeko.

Satorralaiak jakinarazi duenez, Lakuako Gobernuak metroaren Mirakontxa-Easo zatia eraikitzeko hiriaren erdialdean eta Amaran desjabetzeak egiteko prozedura abian jarri du. Mugimendu honen ustez, lanok hirigunean «arazo larriak eragingo» dituzte eta San Martin, Easo, San Bartolome eta Loiola kaleetan nahiz Zubiri Plazan, Londres Hotelaren parean, eremu publiko zabalak okupatzea aurreikusten dute. Informazio publikoa uztailaren 27an bukatuko da eta desjabetzeen planoak Udalaren webgunean daude eskuragarri.

Agerraldian beste salaketa bat ere egin du Satorralaiak, Madrilgo Kostalde eta Itsas Inguruneko zuzendaritzak pasantea Kontxako hondartzaren azpitik egiteko baimena eman berri duela-eta. Hori «astakeria» izateaz gain, erabakiaren «erabateko gardentasun eza» salatu du, Kosten zuzendaritzak «ez baitie Itsas Inguruneko Zerbitzuan alegazioak egin zituzten 156 pertonei erantzunik emango, eta Kosten txostenaren kopiarik ere ezin baita eskuratu».

Horrekin batera, Lakuako Gobernuak Madrilera bidalitako dokumentazioan «informazioa manipulatu» egin duela adierazi du, «2010eko hastapeneko proiektuak itsas-lurrak kaltetzen ez zituela ezkutatzeko».