Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Aurrera begira bidea marrazten Baionako jaien azken egunean

Atzo amaitu ziren Baionako jaiak. Iruñeko herriari eskainitako egunean Nafarroako hiriburuko udal ordezkaritza bat izan zen ospakizun ofizialetan, baita elkarteek antolatutako ekimenetan ere. Bakearen artisauek deituta, ehunka lagunek abenduaren 9an Parisera joateko deia egin zuten. Artean, baionarrek festari eutsi zioten, gauerdia iritsi arte.

Iruñeko herriari eskainitako egunak eman zion amaiera bost eguneko jai etengabeari. Euskal preso politikoek ere presentzia berezia izan zuten atzo, San Andres plazan bakearen artisauek egin zuten elkarretaratzean lehenik eta urtero Patxa plazan egiten den herri bazkarian jarraian.

Asteburuan sekulako jende oldeak gainezka egin ostean apur bat lasaitu ziren karrikak, eta, ohi den moduan, bertakoak izan ziren besta egiten jarraitu zutenak. Egitarau ofizialean zein elkarteek antolatutako ekimenetan, bazuen non hautatu besta egiteko gogoz zenak.

Iruñea-Baiona

Iruñearen eguna zen atzokoa; izan ere, 1960. urtean senidetu zirenetik bi hiriburuen arteko harremanak ez du etenik izan eta beti izan dute beren txokoa nafarrek Baionako bestetan. Egun gainera, «gero eta harreman handiagoa» izaten ari direla azpimarratu zuen Patricia Perales Iruñeko alkateordeak.

Iruñe eta Baionako udal ordezkariak San Andres plazatik abiatu, eta Askatasun plazara bitarteko bidea egin zuten desfile ofizialean. Etchegaray alkatea, pozarren agertu zen, zeren «gu Iruñean izaten garenean bezala, beraiek hemen izatea ere plazer handi bat da».

Udaletxera iristean, Peralesek Leon erregea iratzartzeko ohorea izan zuen. Udaletxekoa ordea, ez zen izan Iruñeko hautetsiak parte hartu zuen ekitaldi bakarra; izan ere, goizean goizetik Zizpa gaztetxeko kideekin ibili zen kalez kale.

Kanboko zigante eta buruhandiekin, eta Baigorriko dultzaineroekin, Baionako kale esanguratsuenak zeharkatu zituzten. «Guretzat hemengo jendearekin egotea poz handia da, ez bakarrik instituzioetan, kalean ere egon behar dugu», nabarmendu zuen hautetsi nafarrak.

Euskal presoak gogoan

Iruñearekin batera, euskal presoak izan ziren protagonista. Gazte asanbladak antolatutako kalejira San Andres plazara iritsi zenean, ziganteek atseden hartu zuten «orain presoak» zioen pankarta handi baten ondoan, eta dultzaineroek etxe bateko lehen solairutik abesten ari ziren Nat eta Wats musikariei pasatu zieten lekukoa.

Trikitilariek ere bat egin zuten elkarretaratzearekin. Pixkanaka, jendea pilatzen hasi zen eta bozgorailu batekin parte hartzaileei jarraibideak ematen zizkieten antolatzaileek. 12:30ean jende andana zen San Andres plazan, eta buruen gainetik esku zuridun bola urdin erraldoi bat zebilen airean.

“Hator, hator” abestia kantatzen zuten bitartean, afixak jaso zituzten manifestariek eta presoen kaleratzea eskatzen zuen oihurik ere izan zen. Amaieran, berriz ere dantzari ekin zioten Kanboko ziganteek, eta haien atzetik jende multzo handi bat Patxa plazara abiatu zen, han baitzen hurrengo hitzordua, presoen aldeko herri bazkaria.

Antolatzaileetako baten esanetan, «azken egunean presoen alde egiten den bazkaria 80ko hamarkada amaieratik egiten da. Hasieran kalean egiten zen, baina udalak ez zela posible esan zigun, anbulantziak pasatzeko kaleak libre egon behar zuela, eta horren ostean hasi ginen plazan egiten, Patxokiko kideen laguntzarekin».

Presoen aldeko bazkarian 240 lagun elkartu ziren. Abenduaren 9an euskal presoak Euskal Herriratzeko Parisen egingo den ekitaldira joateko deia zabaldu zuten herritarrak ere ehunka izan ziren. Eta horrela, bestak amaitu aitzin, aurrerantzean jarraitu beharreko bidea ongi marraztuta utzi zuten baionarrek.