NAIZ

«Ez beti da ez» argi uzten du Marijaiak, eraso sexisten aurkako Aste Nagusirako kanpainan

Marijaia kartelaren elementu nagusia izango da berriro eta bekoki-ilun agertuko da, eskua zabalik, erasoen aurrean gaitzespena erakusteko. Mezua argia da «EZ beti da EZ» eta berdintasunezko jai libreak izateko errespetua eskatzen du.

Aste Nagusian eraso sexisten aurkako kanpainaren irudi berria.
Aste Nagusian eraso sexisten aurkako kanpainaren irudi berria.

Bilboko Udalak Aste Nagusira begira prestaturiko eraso sexisten aurkako kanpaina berri baten irudia aurkeztu du. Marijaia izango da kartelaren elementu nagusia eta bekoki-ilun azaltzen da, eskua zabalik, erasoen aurrean gaitzespena azaltzeko.

Aurreko urteetan bezala, mezua argia da: «EZ beti da EZ», «NO es NO» eta errespetua eskatzen du berdintasunezko jai libreak izateko. Jaietako ikur nagusia den Marijaiak eraso guztiak gaitzesten ditu; eta Bilboko alkateak ere bideo bat grabatu dueEraso sexistarik gabeko berdintasunezko Aste Nagusiaren alde.

Udaletik herritarrei gonbidapena luzatzen zaie kanpaina honetan parte hartzeko. Horretarako bideo labur bat grabatzea eskatzen zaie aipatutako esaldia edo mezu bera ematen duen beste bat esan beharko dute eta erasoen gaitzespena adierazteko eskua zabalik eta aurrerantz jarriz, Marijaiaren antzera.

Bideo horiek helbide honetara bidal daitezke: prensa@bilbao.eus; edo sare sozialetan eskegi jendaurrean jartzeko #NoEsNo edo #EzBetiDaEz hashtag-a zein jaietako hashtag-a ofiziala den #AsteNagusia2017 erabiliz.

Bideo horietako batzuk hautatuko dituzte spot txikiak egiteko eta Bilboko Udalak sare sozialetan dituen kontuetan Aste Nagusian zabaltzeko. Bilboko Aste Nagusia hasi aurretik, prentsaurrekoa emango dute udaleko ordezkariek kanpaina oso-osorik eta eraso sexisten aurrean dagoen protokoloa eta udalak emakumeen zerbitzurako jarritako baliabideak aurkezteko.