NAIZ
BILBO

Ehunka lagunek azken agurra eman diote Kepa del Hoyori Galdakaoko beilatokian

Bihotzekoak jota Badajozeko espetxean zendu zen Kepa del Hoyo preso galdakoztarrari azken agurra eman nahi izan diote ehunka lagunek herriko beilatokian. Tartean izan dira ezker abertzale eta EH Bilduko ordezkariez gain, preso ohi ugari.

Jendetza bildu da Galdakaon Kepa del Hoyori azken agurra emateko. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Jendetza bildu da Galdakaon Kepa del Hoyori azken agurra emateko. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Agur ekitaldia eta gorpuaren errausketaren aurretik, ehunka lagun pasa dira Galdakaoko beilatokitik Kepa del Hoyoren hil-kaperatik, presoaren bikote Maite Sanchez eta seme Peru del Hoyori doluminak adierazteko.

Del Hoyoren hilkutxa gainean, euskal presoen etxeratzearen aldeko banderolaz gain, dolu-xingola duen ikurriña bat jarri dute. Ondoan, presoaren argazki bat eta EPPKren irudia ere jarri dituzte.

EH Bilduren izenean, koalizio abertzalearen koordinatzailea, Arnaldo Otegi, eta Jone Goirizelaia eta Julen Arzuaga legebiltzarkideak gerturatu dira, besteak beste.

Handik pasa dira ere Rufi Etxeberria, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta edota Antton Lopez Ruiz Sortuko kideak.

Lur Albizu eta Mikel Urdangarin dira beilatokian izan diren Ernai gazte antolakundeko kideetako batzuk.

Preso ohi asko

Goiz osoan zehar nabarmena izan da preso ohien joan-etorria, esate baterako: Tomas Madina galdakoztarra, Ibon Meñika, Juan Mari Olano, Elena Beloki, Jokin Urain, Arantza Zulueta, Anjel Alkalde, Kai Saez de Egilaz edota berriki espetxetik atera den Pipe San Epifanio.

Bestalde, herri osoan barrena pankarta ugari ikus daitezke Badajozeko espetxean, etxetik 700 kilometro baino gehiagora, bihotzekoak jota hil den galdakoztarra gogoratzen.