Gotzon ARANBURU

Ikastaroak Ur Maran

Uda garaia, uztaila eta abuztua zehazki, oporrekin lotu ohi da. Eta oporrak, hondartzarekin, mendiarekin eta bidaiekin. Atseden hartzea, iratzargailua ahaztea, lo suelto egitea… horiek izaten dira oporretako nahiak, baina bada aukerarik -esandakoak baztertu gabe- oporretan zerbait ikasteko ere, gure sormena lantzeko, urtean zehar egin ezin dezakegun arte tailer batean izena emateko. Alkizako Ur mara kultur, arte eta etnografia museoa da aukera horiek eskaintzen dituenetako bat, baina bada beste mordo bat Euskal Herrian barrena.

Xilografia tailerra. (Gotzon ARANBURU)
Xilografia tailerra. (Gotzon ARANBURU)

Toki zoragarrian dago Ur mara, Alkizako sailetan, arbolez eta zelaiez inguratuta, “zibilizazioko” zalapartatik urrun. Koldobika Jauregi artista ezagunak kudeatzen du, eta urte osoan zehar dago mugimendua hemen, erakusketak direla, musika edo tailerrak direla… Esaterako, Koldobikaren beraren “Alemania” erakusketa, zeltiar musika kontzertua, Greziako musika emanaldia, Lamiaren kontzertua ikuskizuna, “Una casa en Walden” hitzaldia… horiek denek izan dute edo izango dute kokaleku Ur mara uda honetan, Grap hik! egitarauaren baitan. Xilografia tailerra da izarretako bat eta horixe ezagutu dugu bertatik bertara.

Dozena bat lagunek eman dute aurten izena xilografia tailerrean. Batzuk Arte Ederretako ikasleak dira, beste batzuk besterik gabe sormena lantzeko beharra sentitzen duten pertsonak, eta badira oporretako aisialdi zerbait desberdina eginez eman nahi dutenak ere. Batzuk grabatu-tekniken berri badute, beste batzuk arrastorik ere ez, orain arte. Grap hik! ekimenak - definizioz “Papera, grafika lanak eta artista liburuei buruzko topaketa”- laugarren urtea bete du eta dagoeneko laguntzaile sare ederra osatu du Koldobikak, teknika bakoitzeko adituez osatua.



Papera eskuz egiten ikastea izan da tailerreko aurreneko lana. Eta arlo honetan norbait baldin bada aditua Euskal Herrian, hori Juan Barbé Arrillaga da. Tolosako Paperaren Ingenieritza Eskolan ikasi zuen eta bizitza osoa eman du papergintza industrian lanean, baina azken urteotan eskuz egindako paperean espezializatu da; ez dago landare edo sustantziarik Juanek paper bihurtuko ez duenik. Horixe erakutsi die ikasleei Ur maran, hainbat zuntz ezberdin sosa kaustikoarekin nahastuta papera egiten, gero xilografietarako erabiliko dutena. Osinak, lastoa, nartziso loreak… eta baita asko korotza ere, sosa kaustikoarekin nahastatu, filtratu, prentsatu, lehortzen utzi eta paper bihurtzea izan da lehenengo pausua.

Ondoren, Koldobikaren txanda izan da, lau egunez. Espazioa soberan, tresneria ere bai, eta batez ere erakusteko gogoa eta jakinduria, horiek denak eskaini die Jauregik ikasleei. Era guztietako marrazkiak egin dituzte egurrean, gubiak eta trintxak erabiliz erliebeak aterata zurari. Batzuk marrazki geometrikoak egin dituzte, beste batzuk paisaiak edo erretratuak. Denak ere, tintatu egiten dira ondoren, arrabolaz lagunduta. Ondoren, papera jarri plantxaren kontra, eta estutu on bat eman torkuloan; paperean ezarrita, inprimatuta, azalduko da egurrean margotu zena. Hauxe da azken batean xilografiaren teknika, baina jakina, prozesuko pauso bakoitzean artistak bere ukitua ematen dio. Erabilitako paperaren, tintaren, eta batez ere, egindako margoaren kalitatearen arabera, maila artistiko jakin bat erdietsiko du piezak.



Itziar Albisua zumarragarra da ikasleetako bat. Lanbidez irakaslea da, baina sormenak toki handia hartzen du bere bizitzan, margolari ere bada eta, eta teknika berriak ikasteko ari da baliatzen aste hau. «Oporretako egun batzuk hemen ematen ari naiz, oso gustura. Koldobikak eta bere familiak etxeko sentiarazten zaituzte, horrek ere asko esan nahi du» diosku. Hala da. Kafea eta pastak noiznahi eskaintzen ditu Koldobikak, eta eguerdiko bazkaria ere hementxe prantatzen du.

Ondo ezagutzen du Jauregik bere ikasleen profila. Esan bezala, arte munduarekin erlazionatutakoak izaten dira gehienak, baina bada bestelakorik ere: «Bai, uda pasatzera Euskal Herrira etorri den jendea, nolabaiteko arte zaletasuna badaukana. Egunak luzeak dira udan eta denerako denbora ematen die, ez bakarrik hondartzarako. Ez dut esango aspertzen direnik, baina bai osagarriren bat bilatzen dutela, eta gurea bezalako tailerra oso ondo egokitzen zaie».

Komiki ikastaroa ere eskaini du Grap hik-ek, joan den larunbatean hain zuzen ere, Felix Aizpuruaren eskutik. Egile sonatuen liburu mordoa ekarri zuen Urmarara, eta bakoitzaren ezaugarriak azaldu zizkien partehartzaileei; nork erabiltzen duen tinta bakarrik, nork ordenagailua… Hormetan hainbat story-board eta zirriborro eskegi zituen, komiki bat egiteko pausoak banan bana erakusten zutenak. Digitalizazioa gero eta ohikoagoa dela adierazi zuen, eta Photoshopekin lana nola egiten duen erakutsi zuen, proiektore eta pantaila handi batez baliatuta. Baina garrantzitsuena, galdera mordoa erantzun zien eta aholku baliotsuak eman gerturatutako neska mutikoei. Horixe da, azken batean, Grap hik-en izpiritua, Urmarako arbolen itzalpean elkarrengandik ikastea.