GARA
BILBO

Estatuaren indarkeriaren biktimekiko konpromiso «irmoa» duela dio Lakuak

Atzo agortu zen Estatuaren indarkeria jasandako biktimek aitortuak izateko eskaera egiteko epea, eta ehunka biktimak ezin izan dituzte Lakuak jarritako baldintzak bete, atzo GARAk argitaratu zuenez. EH Bilduren iritziz, horien egoera konpontzeko «borondate eta ahalegin falta» erakutsi du Iñigo Urkulluren Gobernuak.

Atzo agortu zen Estatuaren indarkeria jasandako biktimek aitortuak izateko eskaera egiteko epea, eta ehunka biktimak ezin izan dituzte Lakuak jarritako baldintzak bete, atzo GARAk argitaratu zuenez. EH Bilduren iritziz, horien egoera konpontzeko «borondate eta ahalegin falta» erakutsi du Iñigo Urkulluren Gobernuak.

Salaketa horri erantzuna eman nahian, Lakuak ohar txiki bat kaleratu zuen gero, «polizia gehiegikeriek» eragindako biktimak aitortu eta erreparatzeko «konpromiso irmoa» duela ziurtatuz. «Bidean aurkitzen ari garen oztopo eta traben gainetik konpromiso honi eutsiko diogu», erantsi zuen Urkulluren Gobernuak.

EH Bilduko Julen Arzuaga legebiltzarkideak nabarmendu zuenez, eskaera egin dutenen kopurua eskasa da, benetan indarkeria hori jasan dutenekin alderaturik. «Ez da behar bezalako publizitate lanik egin eta biktima askok ez dute horren berririk», ekarri du gogora. Gobernu espainolak legearen aurkako helegitea aurkeztu izanak ere eragin kaltegarria izan duela uste du.

Desoreka ikusten du EH Bilduk: «Memoriari buruzko beste gai edo biktima sektoreekiko jarri dituzten bitartekoak eta egin dituzten ahaleginak ikusirik, hau ezin da utzikeria soila kontsideratu, baizik eta gure historiaren pasarte hau egia osoa eta justizia osoa eman gabe azkar ixteko borondate argia baizik». 1960 eta 1978 arteko epeari zegokion atzo bukatutzat emaniko epea.

12/2016 legea tramitatu zenean EH Bilduk aurrerapausotzat hartu zuen, baina biktimen arteko kategorizazioa indartzen zuela eta Estatuak eragindako biktimei ez ziela irtenbide duinik ematen zehaztuz. Eta orain uste hori berresten du. «Itxi da leihatila eta ezin dugu hau ontzat eman, egiteko asko geratzen baita oraindik», esan du Arzuagak.

«Guzti honek errekonozitu eta erreparatu behar diren biktimengan mesfidantza sortu du –ondorioztatu du Arzuagak–, eta Eusko Jaurlaritzaren Memoria eta Bizikidetzarako Idazkaritzak, Giza Eskubideen Zuzendaritzak eta Gogora Institutuak berak ez dute ezer egin mesfidantza leuntzeko eta biktimekiko urruntasun hori konpontzeko», salatu du.