NAIZ
DONOSTIA

Donostian egoterik izan ez duten arren, Sara eta Izar protagonista Aste Nagusi Pirataren hasieran

Haizea Majarenasek bota du, Sara ahizpa eta Izar ilobaren izenean, Aste Nagusi Piratari hasiera eman dion txupinazioa. Beraiek mezu bat igorri dute Alcobendasetik.

Jendetza bildu da Aste Nagusi Pirataren hasieran. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Jendetza bildu da Aste Nagusi Pirataren hasieran. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Aurten ere jendetza bildu da Aste Nagusi Piratari hasiera emateko. Kofradia guztiekin batera kalejira egin ondotik, Porrotxen laguntzarekin harrera egin diote itsasontziz iritsi den Ezkila Kapitainari. Ubarroiak kofradiari egokitu zaio aurtengoan paper hori hartzea.

Maittik, aldiz ezin izan du itsasontzi horretan egon. Izan ere, Sara Majarenas eta haren alaba Izar Alcobendasen baitaude. Ondo ordezkatuta egon dira, halere, oholtzara igo delako Haizea, Sararen ahizpa eta Izarren izeba.

Fisikoki egoterik izan ez duten arren, mezu bat bidali dute biek, Matti pertsonaia izateak suposatzen duen ohorea azpimarratuz. Majarenasek gogoratu duenez, hamalau urte dira Aste Nagusian azkenekoz izan zenetik eta orduan Piraten mugimendua hasiberria zegoen, «baina erakusten zuen bere baitan zuen grina eta ilusioa».

«Guk eginak eta guretzako izango ziren jaien aldeko oihua nabarmena zen orduan», esan du Majarenasek eta gaineratu du ordutik bidean aurkitutako oztopoak «gutxi izan ez diren arren, guztion artean egindako lana txalogarria» dela.

«Jai parekideen alde eta indarkeria sexistarik gabeko jaien alde egin nahi dugu», nabarmendu du Majarenasek, eta beraiek bezala Donostian egoterik ez daukaten pirata guztiak ere gogoan izan ditu.

Aste Nagusi Pirata ehunka jarduerak osatuko dute: bazkariak, kontzertuak, bertso saioak, jolasak, eta gozatzeko beste hamaika une izango dituzte.