Bilboko Konpartsak Federazioak gaur goizean aurkeztu Aste Nagusirako antolatu duen egitaraua. Adin guztientzako konpartsakideek agerraldia egin dute Arriagako plazan jaietako zapi urdin eta «egarria asetzeko» jai herrikoien aldeko edalontzi berrerabilgarriarekin.
Konpartsek azpimarratu dutenez, Aste Nagusiko «protagonista nagusiak bilbotarrak eta inguruko herritarrak» dira, «bederatzi egun zoro eta liluragarriak biziko dituztenak». Azaldu dutenez, 529 ekimen antolatuko dituzte Aste Nagusi honetan. «Den-denak doakoak eta adin denetako herritarrentzat aproposak», nabarmendu dute.
«Mari Jaia, txupinera eta pregoilaria buru», konpartsek listoia apur bat gorago jarri dute aurtengoan: «ziztu bizian, abiadura handian, jaitsiko gara lehenengo domekan goitibeheren Aste Nagusiko IV. Openean. Modu berean, astelehenean, erronka berri bati ekingo diogu lapiko artean, gastronomia-txapelketa egun bat gehiago zabaltzen: tradizio handiko plater begano bilbotarra prestatuko dugu, patatak saltsa berdean, hain zuzen ere. Apustu berri horren bitartez, ohi baino lagun gehiago gastronomikora hurbiltzea espero dugu», adierazi dute.
Baina, azaldu dutenez, Aste Nagusiko sukaldaritza jarduerak oraindik gehiago ere hobetzea «ez da erraza izango, Gastronomia Txapelketa urtez urte bere burua hobetzen duelako. Izan ere, munduan slow food eta zero kilometro filosofien pean eta kalean egiten den itsaskien lehiaketa bakarra antolatzen du: Bilboko Konpartsak Arrain Fish Festival», azpimarratu dute.
Aste Nagusiko asteazkenetik larunbatera arrain hauek prestatu ahal izango dituzte Areatzara hurbilduko direnek: txipiak bere saltsan, marmitakoa, bakailaoa bizkaitar erara eta bakailaoa pil-pil saltsan. Gainera, asteartean, Euskadiko Patata Tortilla Txapelketak segituko du izaten Bilboko sukaldaritza-ekimenik herrikoiena.
Bilboko Konpartsek gaineratu dutenez, antolaturiko ekimenen artean umeentzat ere egitaraua oparoa izango da. Azaldu dutene, 153 tailer, jolasak, kirol-ekintzak, puzgarriak, suzko-zezenak, eskalada-murrua eta, jakina, gastronomian aritzeko zenbait aukera izango dira Gastro Txiki gunean.
Kirolzaleentzat berriz, egun berezia izango da ostirala, abuztuak 25, hiri-krosa ospatuko baita egun horretan. Aldi berean, waterpolo eta xake lehiaketak eta eskalada ere izango dira.
Horrez gain, konpartsek ohiko erronkei eutsiko diete arraun, ur jolasen eta herri-kirolen demetan, ostiralean eta bigarren zapatuan.
Kontzertuei dagokionez, 128 zuzeneko emanaldi antolatu dituzte, konpartsen txosnetan.
Bestalde, «inork ezer ez galtzeko, Bilboko Konpartsak izeneko aplikazioa sortu dugu, modu autogestionatuan, telefono mugikorretan egitaraua eta Aste Nagusian gertatzen den guztiaren berri edukitzeko. Eskuratu musutruk Google Play-n eta Apple Store-n. Bertan, aurkitu ahal izango dituzue konpartsa bakoitzak eta Federazioak antolatutako ekitaldi guztiak», nabarmendu dute.
Amaitzeko, konpartsakideek topa egin dute Bilboko Urarekin, Mari Jaiaren, Aste Nagusiaren, jai herrikoien alde eta «babosorik gabeko» jai gune baten alde.