Ibon GAMINDE

Gernika gogoan eta emakumeak oholtza gainean, Kaskagorrin

Kaskagorriko oholtza gainera igoko diren talde guztietan emakumeak egongo dira; Tximeleta, Sara Hebe, Koban, Huntza edo Garilak26 taldeez gozatzeko aukera izango da. Panelen tematikari dagokionez, Gernikako bonbardaketa izan dute gogoan.

Kaskagorri konpartsaren txosna Arriaga atzekaldean. (ARGAZKI PRESS)
Kaskagorri konpartsaren txosna Arriaga atzekaldean. (ARGAZKI PRESS)

Jakina da Bilboko konpartsetako kideek hilabeteak ematen dituztela Bilboko jaien prestakuntza lanetan. Urtarrilean hasten dira kontzertuak lotuz, kartelak, egitaraua eta Bilbon bakarrik gertatzen den konpartsen txosnen muntaian.

Azken hau egiteko jaien aurreko egunez baliatzen dira, baina aurretik bada lana, txosnaren ehunka metro karratu dituzten panelak diseinatu eta margotu behar baitira. Kaskagorriko kide den uda- tiar baten eskutik etorri zen ideia. Honek, Plentziako gazte asanbladari panelak gaztetxean margotzeko eskaria egin eta hauen baietza jaso ostean, urtez urte zabalik izan dituzte gaztetxeko ateak.

Kaskagorriko Mikel eta Garazi konpartseroekin egon gara, eta badira jada bost urte Plentziako gaztetxea erabiltzen dutela hiru egunez, beraien panelak margozteko. Azkunak Kukutza hustu eta eraitsi zuenetik alegia. Bilbon egiteko aukera badutela aitortu diguten arren, ez da egoera berdina.

Mikelen hitzetan, Plentzia oso leku aproposa da, gaztetxearen espazio fisikoaz eta lo egiteko aukeraz aparte, hondartza parean dagoenez, noizean behin bainu bat hartzeko aukera izaten dutelako. Hiru egun hauek ez dira bakarrik lanerako, taldea osatzeko ere erabiltzen dituzte.

Kaskagorri gazte mugimenduaren konpartsa bat da, beraz, urtero joan etorriak izaten dituzte, eta egun hauek paregabeak dira elkar ezagutzarako. Gosariak, parrilladak, kontzertu akustikoak edo filmak ikustea bezalako ekimenak antolatu izan dituzte urte hauetan.

Aurten 30 lagun bildu dira egunero, 200 metro karratu dituzten panelak margozteko. Gero hamar egun izango dituzte, jaiak hasi aurretik, panel guztiak aldamioetan montatzeko.

Aurtengo gaia

Aurtengo panelen tematika asanbladan erabaki zuten, Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrenarekiko zerikusia zuen zerbait egiteko erabaki zuten. Azkenean Gernikan gertatutakoari omenaldi bat egingo diote, askatasuna eta bakea sinboloak goraipatuz «Gernikako errautsetatik berpiztuta, belau- naldi berriak bizirik diraute» ideia ardatz hartuz eta lema «Herria bizirik!».

Bi konpartseroen hitzetan uztartu nahi izan dute aurrera begirako lema eta Gernika, oso presente duten iragana.

Kontzertuei dagokienez, aurtengo apustua emakumeen presentzia bermatzea izan da. Horrela, Kaskagorriko oholtza gainera igoko diren talde guztietan emakumeak egongo dira; Tximeleta, Sara Hebe, Ko- ban, Huntza edo Garilak26 taldeez gozatzeko aukera izango da.

Beste apustu bat izan da umeen txokoa indartzea, horretarako Irrien Lagunak ekarriko dituzte astelehena 21ean, Kaskagorri konpartsaren egunean. Bukatzeko, larunbat arratsaldeko 19:00etan Marijaiari harrera egingo diote, eta bertara gerturatzen den jenderentzat sorpresa bat prestatu dute haien panelak desestaliz.