Bilboko konpartsetako ordezkariek agerraldia egin dute Areatzan txosnen desmuntaketa lanetan ari diren bitartean. Azpimarratu dutenez, aurtengo Aste Nagusia «oso arrakastatsua» izan da milaka herritan hurbildu direlako Areatzako jai eremura eta «konpartsakideak, hornitzaileak, garbitzaileak, ostalariak, sorosleak, kazetariak, argazkilariak eta abar» egiten duten lana nabarmendu nahi izan dute.
«Izugarria izan da Aste Nagusia beste behin ere, denoi esker. Zalantzarik ez dugu, munduko jai onenen gakoa jendea bera dela», esan dute.
Parte hartzea ere nabarmendu dute eta horren adibide, lehiaketa gastronomikoa jarri dute. «Guztira 876 lapiko, hurrenez hurren horrela banatuta: 417 tortilla, 75 txipiroi kazola, 58 bakailaoa bizkaitar erara eta 59 pil-pil saltsan, 263 marmitako kazola eta 62 buztan gisatu.. Estreinaldi indartsua izan du aurtengo berritasunak: patatak saltsa berdean. Horiek maila bete dute: 42 lapikoko markarekin ekin diote ibilbide berriari; guzti-guztiak ortuko produktuz osatuak, slow-food eta kilometro zero filosofiapean».
Goitibehera jaitsierari dagokionez, herritarren parte hartzea ere handitu dela azaldu dute. Sukaldaritza eta abiaduraren zale ez direnek ere izan dutela bere tokia Aste Nagusian azaldu dute, konpartsek 525 ekintza baino gehiago antolatu dituztela gogora ekarriz. Horien artean, puzgarriak, eskalada-murrua, kale-antzerkiak, kontzertuak, papiroflexia-tailerrak…
Konpartsetako bozeramaileek gertatutako eraso sexitak ere gaitzetsi dituzte. «Guk ez dugu erronka hori irabazitako bataila gisa ulertzen, ez baitugu uste manikeismoaren ikuspuntu sinpleak laburbildu dezakeenik heteropatriarkatuak egiten dituen zapalkuntza bortitzak. Horregatik, publiko egin diren erasoen kantitatea murriztu izanak ez gaitu garaile bihurtzen. Bitartean, herritarren kontzientziazioa lantzen segitu dugu. Jakin badakigu erasoak egin egiten dituztela. Kaleak, gauak eta jaiak emakumeonak ere badira eta ez gara geldituko benetan hala izan arte», azaldu dute.
Gaineratu dutenez, «diskurtso triunfalistak ez-ikusiarena egiten du gure gizartean sakonki errotuta dagoen arazoaren aurrean, eta guk lanean jarraituko dugu gizartean eta gure jaietan matxismoaren azken arrastoa desagertu arte. Lan mardula eta sakona da, erpin askokoa eta sisteman sustraituta dagoen arazo bati buelta emateko erronka ere bada».
Aste Nagusian izan diren «polemikak» ere aipatu dituzte Hontzak konpartsaren kontra gotzaingoak jarritako salaketa eta Askapeña, Txori Barrote eta Kaskagorriren aurka egingo dutela Dignidad y Justicia eta PPk iragarritako salaketak.
«Ez gara gu izan polemika horiek piztu ditugunak, eragin politikorik gabeko taldeek baizik, asmo sentsazionalistak dituzten hedabideen laguntzarekin. Arrakasta barik saiatu dira herritik abiatutako jai ereduaren muina kaltetzen, eta, ohi bezala, herritarrek beraiek berretsi dute, beraien babesaz, jai ereduaren indarra», salatu dute.
«Erretxindu eta asmo-ilunen gainetik, umorea, adierazpen-askatasuna eta jendarte-eraldaketarako apustua gailendu egin da, beste behin ere. Era guztietako iritzietarako dagoelako tokia Aste Nagusian», nabarmendu dute.
Bestalde, Ibaizabaleko itsasadarrean antolaturiko ekimenak -waterpoloa berritasun gisa; ur-jolasak, kukaña eta piraguak- eta txupinerak eta pregoilariak izandako jarrera goraipatu dituzte. Ane Ortiz Ballesteros Askapeña konpartsako kidea izan da txupinera eta Nati Ovelleiro, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea izan da pregoilaria. «Fin ibili dira eta prestutasun handiz jai herrikoi hauen ikono izan dira; hemendik, zorionak!».
Aurrera begira, desmuntaketa lanetan ari diren bitartean, San Tomasak eta Aratusteak prestatzen arituko direla konpartsak gogoratu dute. Ildo horretan, datorren urteko Aste Nagusia berezia izango dela gogoratu dute 40. urteurrena izango baita.
«Bilbotarrok, ez ezazue ahaztu zuek zaretela eredu herrikoi, parte-hartzaile eta parekide honen protagonistak. Denok garelako Aste Nagusia, denok eraikitzen dugulako eredu herrikoia. Hortaz, gonbidapenik ez duzue behar: zuentzat zabalik daude 29 konpartsen ateak eta, nahi izanez gero, norberak berea sortzea ere badu», azpimarratu dute.