NAIZ
DONOSTIA

Azpeitian hildako beharginaren heriotza salatu dute

ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek elkarretarazea egin dute Azpeitiko Glual Energy enpresaren atarian istripuz zendutako azken langilearen heriotza salatzeko. Halako gertaeren atzean dagoen prekarietateaz ohartarazi dute sindikatuek. 

Azpeitiko Glual Energy enpresaren atarian egin dute elkarretaratzea sindikatuek. (LAB)
Azpeitiko Glual Energy enpresaren atarian egin dute elkarretaratzea sindikatuek. (LAB)

‘Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea’ zioen pankarta baten atzean bilduta egin dute elkarretaratzea Azpeitian ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek. Honekin batera, Glual Energy zein Glual Hidraulicseko beharginek bi orduko lanuztea egin dute, eta Glual Taldeko Azpeitiko Burni enpresan, aldiz, ordubetekoa.

Iragan ostiralean lan istripuz zendu zen 50 urteko langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna adierazteaz gain, sindikatuek gogoratu dute 2017. urte honetan dagoeneko 42 pertsona hil direla lan istripuz Euskal Herrian.

Datu hauek «ez dira zoriaren ondorio», mahai gainean prekarietatearen «egiturazko arazoa» jarri duten sindikatuen esanetan. «Etenik gabeko irabaziak bilatzen dituztenek prekarietate egoera latzak ezarri dituzte langileen bizkar: lanaldi luzeak, presioak, baldintzetan etengabeko murrizketak, mehatxuak eta kaleratzeak».

«Langileak lanean hiltzea kapitalismoaren adierazpen gordinenetako bat da», ohartarazi dute, heriotz horiek «izeberg-aren punta» direla nabarmenduz.

Horrexegatik, nahikoa dela argi esan eta «irabaziak lehenesteari» utzita, enpresariek «lan segurtasunean, lan baldintza egokiak bermatzeari» ekin behar diotela adierazi dute sindikatuek.

«Bizi dugun egoera jasangaitz hau irauli beharra dago», aldarrikatu dute.