NAIZ

«Historiako udarik onena» Guggenheim museoan

Guggenheim museoak 427.764 bisitari zenbatu ditu ekaina eta abuztua bitartean.

Guggenheim museoa
Guggenheim museoa

Guggenheim museotik azaldu dutenez, uztailean eta abuztuan 322.247 pertsonak ikusi dituzte egun dauden erakusketak, 2016ko hilabete horietan baino 6.891 gehiago. Zenbaketan ekaina ere sartuz, 427.764 bisitari izan dira, joan den urtean baino 14.622 gehiago.

Hilabeteka, museoaren historiako ekainik onena izan da, 105.517 bisitarirekin, iaz baino 7.731 gehiago; uztaila ere inoizko onena izan da, 147.781 bisitariekin, 2016an baino 6.102 gehiago, eta abuztua ere oso jendetsua izan da, 174.466 bisitarirekin, inoizko bigarren abuzturik jendetsuena, 2016an baino 789 gehiago eta 1998an baino 1.315 bisitari gutxiagorekin.

Bisitarien jatorri geografikoari erreparatuz gero, %76 Estatu espainiarretik kanpokoak izan dira, aurreko urtean baino %2 gehiago. %22a Estatu frantseseko bisitariak izan dira, italiarrak (%8), britainiarrak (%7), alemaniarrak (%6) eta herbehereetarrak (%6). Bisitari gehien izan zen eguna abuztuaren 5a izan zen, 8.265 lagunekin. Udako batez bestekoa, eguneko, 5.197 bisitarikoa izan zen, 2016ko batez bestekoa baino 135 gehiago.

Modu honetan, orotara, abuztuaren 31ra arte, 814.670 bisitari izan dira aurten museoan, 2016an data horretan baino %4 gehiago eta 2015ean baino %8 gehiago.

Gaur egun, «Bill Viola: atzera begirakoa» (zabalik azaroaren 9ra arte), «Georg Baselitz: Heroiak» (urriaren 22ra arte) eta «Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak» (irailaren 17ra arte) aldi baterako erakusketak ikus daitezke.