Donostiako Udalak ostegunean aurkeztutako etxe turistikoen inguruko ordenantza berria aztertu ostean, bere balorazioa egin du EH Bilduren udal taldeak. Koalizio abertzalearen iritziz, «uste baino okerragoa da». Hori bai, Josu Ruiz zinegotziak puntu baikor bat ere azpimarratu zuen: ordenantzan etxe turistikoen errolda bat eratuko dela aipatzen da eta hori tresna egokia litzatekeela irizten du koalizioak. «EH Bilduk udalbatzan askotan eskatu izan duen neurria da, eta, zentzu horretan, garaipen txikia dela esan dezakegu», azpimarratu zuen.
Hala ere, EH Bilduk ez du batere irakurketa positiboa egiten, eta donostiarrei euren egoera aztertzeko deia luzatu nahi izan die. Koalizioarentzat, hainbat eremutan lehen solairuaren araua deuseztatzea akats handia da. «Orain arte bakarrik lehen solairuetan onartzen ziren pisu turistikoak, eta, salbuespen moduan, baita beste solairuetan ere behean beste jarduera ekonomikorik ez bazen. Orain, berriz, beste edozein solairutan jarri ahalko dira eraikinak sei solairu baino gehiago baditu». Egun legez kanpokoak diren etxeei dagokionez, EH Bilduk uste du ordenantza berriarekin «ia denak» legalizatuko direla.
Gogoratu behar da Udalak Parte Zaharrean eta Portuan (A eremuan) ez dituela baimen gehiago onartuko, eta, egungo arauaren arabera legez kanpokoak diren etxeak, hau da, lehen solairuan ez daudenak, ixteko hitza eman duela. Parte Zaharrean soilik 240 legez kanpoko pisu daude eta Udalak horiek ixteko plan bat aurkeztu ez izana faltan botatzen du EH Bilduk. Kalkuluak ere atera ditu koalizioak: B eremuan 250 metro koadroko eta C eremuan 350 metro koadroko mugak jarri badituzte, etxeak txikiak diren zonaldeetan «4 edo 5 etxe baimenduko dira» solairu bakoitzean.
Hori guztia kontuan izanda, bizilagunei euren egoera azter dezatela eskatu die EH Bilduk, atarian etxe turistiko bat izateak ekar ditzakeen elkarbizitza arazoak kontutan izanik: zarata, atariko giltzak esku batetik bestera ibiltzea...
Legezkotasunaren harira
Donostiako Udalaren ordenantza berriaren gaineko lehen analisia egin ostean, Irabazik ere ez du aldeko iritzirik plazaratu. Irabaziren ustez, Parte Zaharra eta Portua A eremuan sartu izana «albiste ona» da, baina beste gune batzuk eremu horren baitan sartzeko aukera galdu dela azpimarratu du.
Baimenen kontuari buruz, nabarmendu du badagoela ageriko kontraesan bat: «ordenantza berria martxan jarri artean etxe turistiko berriak zabaldu ahalko dira Alde Zaharrean lehen solairuan badaude». Era berean, orain arte legez kanpokoak ziren B eta C eremuetako hainbat pisu legeztatuko dituztelako kezkatuta dago Irabazi. Amaitzeko, testua zenbait kasutan «gehiegizkoa» dela uste du Irabazik, «inor kaltetzen ez duen mikroekonomia hiltzen» duelako. Adibidez, oporretara doan familia batek astebeterako bere pisua alokatzen badu, ohiko pisu turistiko bat bezala arautzea da asmoa.
Goiak dio egitasmoa ez dela inorentzako «amnistia bat»
Donostiako alkate Eneko Goiak nabarmendu duenez, etxe turistikoak arautzeko ordenantza berriko baldintzak betetzen ez dituzten pisuak itxi egingo dituzte, eta, beraz, egitasmoa ez da inorentzako «amnistia bat» izango. Radio Euskadin egindako adierazpenetan Parte Zaharreko egoera ezagutzeko ikerketa bat egin izana nabarmendu zuen. «Ikusi genuen hirugarren sektoreak %30eko langa gainditzen zuela, orekaren mugan zegoela auzoa eta Parte Zaharra arriskuan zela», aitortu zuen. Aurkeztu berri duten ordenantzak, momentuz, etxe turistikoei soilik eragiten die, baina etorkizunean beste jarduera ekonomiko batzuei ere eragitea da intentzioa.
Goiaren ustez, zaila da jakitea zenbat etxe turistiko geldituko diren ordenantzatik kanpo, baina Lakuak bildutako datuak errepikatu zituen: Donostian 1.200 inskripzio daude eta horietatik %27k soilik beteko lukete egungo araua. Ordenantza berriak pisu gehiago onartuko lituzke A eremutik kanpoko Donostiako auzoetan, baina Goia ez da gai esateko zenbat izango diren. Era berean, azpimarratu zuen ordenantzak aldatu egin daitezkeela, eta, «fenomenoak eraldatzen direnean», mugak zabaldu egin daitezkeela eremu handiago bati eragiteko.GARA