Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Monica Bellucci eta Agnès Varda izango dira, Ricardo Darinekin batera, Donostia saridunak

Irailaren 22tik 30era egingo den Zinemaldiaren 65. edizioan hiru Donostia sari banatuko dira. Ricardo Darin antzezleaz gain, Monica Bellucci italiar antzezlearen eta Agnès Varda belgikar zinemagilearen ibilbideak sarituko ditu Zinemaldiak. Gipuzkoako hiriburuan izango direla baieztatu duten aktore eta zuzendarien zerrenda luzearen berri eman dute.

Jose Luis Rebordinos zuzendaria eta Ruth Perez de Anuzita komunikazio arduraduna. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Jose Luis Rebordinos zuzendaria eta Ruth Perez de Anuzita komunikazio arduraduna. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Donostia Zinemaldiaren zuzendari Jose Luis Rebordinos eta jaialdiaren komunikazio arduraduna den Ruth Perez de Anucitak agerraldia egin dute aurki hasiko den 65. edizioaren inguruko xehetasunak emateko. Rebordinosen hitzetan, «iraganeko ondare aberatsa inoiz ahaztu gabe, edizio berri honek orainaldiari begiratzen dio erabat» eta horren lekuko izango dira, azaldu duenez, irailaren 22tik 30era bitartean Donostian izango diren antzezle eta zinemagileen zerrenda luzea: Javier Bardem, Bérénice Bejo, Steve Coogan, Glen Close, Penélope Cruz, James Franco, Jean-Pierre Léaud, Benoît Magimel, Paz Vega, Alicia Vikander «eta, bai, baita Arnold Schwarzenegger ere», nabarmendu du Rebordinosek, sare sozialetan antzezle eta politikaria Donostiara etor zitekeenaren zurrumurruak egiazkoak direla baieztatuz.

Beste bi Donostia Sari ere iragarri ditu Zinemaldiko zuzendariak: Ricardo Darinez gainera, Monica Bellucci antzezle italiarrak eta Agnés Varda belgiar zinemagileak ere jasoko dute Donostia Saria. Antzezten eman dituen 25etik gora urteetan, bai Europan bai Estatu Batuetan erreferente diren zenbait zinemagilerekin aritu da Bellucci lanean: besteren artean, Francis Ford Coppola, Gaspar Noé, Wachowski ahizpak, Mel Gibson, Terry Gilliam, Spike Lee, Paolo Virzì, Philippe Garrel, Sam Mendes eta Emir Kusturika. Bestalde, Agnès Varda Europako zinemaren mito bat da, eta Cannes, Berlin, Venezia eta Locarnoko sari garrantzitsuenak irabazi ditu bere ibilbidean, baita Frantziako zinema-akademiarenak ere. Bellucik  bere filmografiako bi lan ekarriko ditu Donostiara, Stephen Hopkins-en ‘Under suspicion’ eta Giuseppe Tornatore-ren ‘Malèna’, eta zuzendari belgiarrak ‘Visages, villages’ aurkeztuko du.

John Malkovich, Sail Ofizialeko epaimahaiburu

Azkenik, Rebordinosek iragarri du John Malkovich izango dela Sal Ofizialeko epaimahaiaren burua eta harekin batera ariko dira epaile lanetan Dolores Fonzi, Emma Suárez, William Oldroyd eta Paula Vaccaro, besteak beste.

65. Zinemaldiak ekarri nahiko lukeenaren inguruan, aurtengo edizioan ‘Lumiere’ filmarekin parte hartuko duen Thierri Frémaux-en hitzak izan ditu gogoan Rebordinosek: «Duela gutxi argitaratu duen liburuan esaten duen bezala, zinemaldi bat bidaia bat da, zinearen egoera erakusten duen uneko argazkia, bere kalitatea ebaluatuko dutenei iragazkirik gabe erakutsi behar zaiena. Intentzio horri erantzuten dio aurtengo Zinemaldiak. Zinemaldira etorriko zaretenok eremu zinematografikoan gertatzen ari denaren erradiografia eskura izatea nahi genuke, gertatzen ari dena ikustea, zinemagileek dituzten erronken berri izatea».