GARA
BARTZELONA

Kataluniakoak EH Bilduren babes osoa du, eta EAJren «begirunea»

Euskal Herritik joandako hiru ordezkaritza nabarmendu ziren aurtengo Diadako ekitaldietan. Batetik, azken urteotan bezala, Independentistak sarearena, «euskal tramoa» delakoa berdez margotuz. Bestetik, EAJrena, Andoni Ortuzar EBBko presidentea buru. Eta osatuagoa, EH Bildurena, Arnaldo Otegirekin batera ordezkari askotxo bertaratu baitzen. Erreferenduma eta «bide katalana» laguntzeko ahaleginean gogoz dihardute EH Bildukoek. EAJk, ordea, beste behin ere elkartasuna agertu baina aldea markatzeko baliatu zuen bidaia.

Jeltzaleei dagokienez, goiz parteko lore eskaintza ofizialean egon ziren Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea; ez, ordea, arratsaldeko mobilizazioan, EBBko asteroko bileran parte hartu behar zutela argudiatuz. Adierazpen ezberdinetan, urriaren 1eko erreferendumari «begirunea» agertu zion Ortuzarrek. Gobernu espainolaren oztopoak salatu zituen, baina aldi berean hau berretsi zuen: «Euskadin beste bide bat jarraitzen ari gara. Guk ere sinesten dugu Euskadi nazio bat dela eta gure etorkizuna guk geuk askatasun osoz erabakitzeko eskubidea dugula, baina lehenengo eta behin euskal herritarron arteko akordioa lortu behar dugu. Gu beste bide batetik saiatzen ari gara. Kataluniako prozesua ez da orain hasi, hamar urte daramate honetan. Beraiek gure bidea egiten saiatu ziren, baina ezinezkoa gertatu zitzaien. Gu ere saiatu egingo gara eta ikusiko dugu etorkizunak zer dakarren», erantsi zuen.

EH Bilduk goizeko ekitaldian ez ezik, arratsaldeko mobilizazioan ere hartu zuen parte. Arnaldo Otegik, Maddalen Iriartek, Bakartxo Ruizek, Rebeka Uberak, Pernando Barrenak eta beste askok osatu zuten ordezkaritza. Iriartek adierazi zuenez, «ez da Katalunian egingo dena baino gauza demokratikoagorik». Arnaldo Otegik, bere aldetik, Katalunian gertatzen denak Euskal Herriko etorkizuna ere baldintzatuko duela berretsi zuen eta «geuk ere Estatua izan behar dugu» aldarrikatu zuen, benetako burujabetza izateko bide bakarra hori delakoan. Egun osoan zehar, asko eta asko izan ziren Otegi agurtzera edota berarekin argazkiak egitera hurbildu ziren Kataluniako independentistak.

«Gurea abiatzeko ordua»

Txalo zaparrada jaso zuen, bestalde, Independentistak sareak «euskal tramoa» deiturikoan. Antolakuntzak gonbidatutako beste eragileekin batera egin zuten bidea, aspaldi ezaguna baita ANCrekin duen harreman estua. «Lizarra-Garazitik hona denbora galdu dugu; euskal prozesua abian jartzeko ordua da», aldarrikatu zuen Txutxi Ariznabarretak.