Iragan martxoan zigor arloko epaitegi batek urtebeteko espetxe zigorra ezarri zion Amaia Agirregabiria Pasaiako alkate ohiari (Bildu) justiziari traba egin ziola iritzita, baina Gipuzkoako Auzitegiak bi urte eta erdira igo du zigor hori, Efe agentziak jakinarazi duenez.
Prebarikazioagatik ezarri zioten zazpi urteko inhabilitazioa ere mantentzea erabaki du epaileak.
Udal idazkariari zigor berbera ezarri diote (bi urte eta erdiko espetxe zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa), epaitu diren gertakariak jazo zirenean funtziotan baitzegoen. Idazkari titularra bajan zegoen eta, hortaz, errugabe jo zuen erabakia berretsi du Gipuzkoako Auzitegiak.
Epaiak jasotzen duenez, 2013ko otsailaren 19an, Pasaiako garaje bateko jabeak udaltzainei eskatu zien gaizki aparkatuta zegoen auto bat garabia batekin ken zezatela.
Orduan, gaizki aparkatuta zegoen jabearekin «liskarra» izan zuten udaltzainek eta atestatu batean islatu zituzten emakumearen «irain eta errespetu faltak».
Atestatu hori, ohiko bideari jarraiki, Donostiako 3. Instrukzio Epaitegira iritsi zen. Urte bereko maiatzaren 7an falta epaiketa egin behar zen eta, salatutako gidariaz gain, bi udaltzainek joan beharra zeukaten.
Saioaren bezperan alkateak idatzi batean jaso zuen udaltzainen jokabidea zuzena izan zela, baina bi udaltzainei epaiketara ez joateko agindua eman zien, epaiak jasotzen duenez.
Agindua jarraitu ezean disziplina-espedientea ezarriko zitzaiela ere esaten zitzaien udaltzainei alkateak sinatutako testu hartan.
Epaileak azpimarratu du agindu hori funtziotan zegoen idazkariak idatzi zuela eta alkateak sinatu egin zuela, edukia zein zen jakinda.
Ebazpen honen aurka «inolako ohiko helegiterik jartzerik ez dagoela» jasotzen du epaiak.