GARA
BILBO

Euskal Poesiaren IX. Asteak Pott Banda omenduko du

Euskal Poesiaren Astearen IX. edizioa irailaren 18tik 22ra izango da, eta Pott Banda omenduko du. Egitarauan errezitaldiak eta hitzaldiak izango dira, eta sarrera librea izango da, aretoa bete arte.

1977an, euskal artisten talde batek Pott Banda literatur taldea sortu zuen Bilbon. Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Ruper Ordorika, Jon Juaristi, Manu Ertzilla eta Joxemari Iturralde gazteek osaturiko taldeak «euskal literatura iraultzea» lortu zuen hiru urteko ibilbidean. 40 urte geroago, Euskal Poesiaren BBK Asteak omenaldia egingo die. Poesia jardunaldiek bederatzigarren edizioa beteko dute aurten eta ekitaldietarako sarrera librea izango da aretoko eserlekuak bete arte.

Zikloa hasteko, astelehenean, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga eta Jon Juaristiren poesiak irakurriko dituzte, “Itsaso debekatuak” izenburupean, Galatea taldeak gidatuta. Asteartean Atxaga arduratuko da Pott Bandaren inguruan ezagunak ez diren gako batzuk azaltzeaz. “Alrededores de Pott” hitzaldi-errezitaldiarekin, «euskal literaturaren bilakaeran erabakigarria izan den talde baten sekretuak argitzeko».

Asteazkenean, Karmelo Iribarren eta Felipe Juaristi olerkariek «buruz buruko poetikoa» egingo dute “Bertso gurutzatuak” saioan. Ostegunean, Beñat Arginzonizen olerkiak eta Juanjo Navas flamenko kantariaren ahotsa elkartuko dira “Norte Jondo” diskoa aurkeztuz. Ostiralean emakume ahotsekin bukatuko da poesia astea. “Lau euskal poeta” emanaldian, Blanca Sarasua, Maria Maizkurrena, Miren Agur Meabe eta Itziar Minguezek hainbat belaunaldi eta estilo poetiko ordezkatuko dituzte agertokian.