Rikardo Arregi (Andoain 1942-Mendaro, 1969) euskaltzale, pentsalari eta ekintzailea gaur egunera ekarriko du GARAk datozen egunetan argitaratuko den kazetaritza lan batekin. Helburua, Arregiren pentsamenduan eta lanean sakontzeaz gainera, gure historia garaikidean aldaketa bultzatu zuen gizonak zituen klabeetako batzuk aktualitatera ekartzea izango da. Euskaldunen alfabetatzea, euskararen garaikidetasuna, abertzaletasunaren eta erlijioaren arteko apurketa proposatzea, naziotasun berriak eta korronte politiko desberdinen azaleratzeak datoz hurrengo egunetan GARAko orrietara eta NAIZeko pantailara.
Datorrena xeheki azaldu aurretik, laburki Arregik eman zuen bizitzan geldialdia egiteak mereziko du. Rikardo Arregi 1942ko irailaren 22an jaio zen, Andoaingo Zabala-Enea etxean. Lau senideetan zaharrena, urte batzuen buruan Zabala-Enea etxera aldaketa egingo zuen familiak, eta gune esanguratsua izango zen bere pentsamenduaren eta ekintzailetasunaren garapenean. Hamaika urterekin hartu zuen apaiztegirako bidea, eta 1962an utzi zuen, Filosofia ikasketak eginda. Unibertsitaterako sarbidea egin eta Ekonomia ikasketak abiatu zituen. Baina libreki, hitzaldi, saiakera eta ekintza desberdinekin bete izan baitzuen izan zuen bizitza laburreko astia.
“Zeruko Argia”-n idatzi zituen artikulu periodistiko guztiak. Denak nazioarteko gaiei lotutakoak, nahiz eta haiek, lerro artean irakurriz gero, bazuten Euskal Herrian aplikaziorako asmorik ere. “Jakin”-en garatu zuen bere pentsamendua, idatzita utzi zituen hainbat saiorekin. Esanguratsuenen artean dira “Marxismoa modan dago” eta “Euskaltzaleen Jainkoa hil behar dugu” izenekoak.
Arregik marxismora eta sozialismora hurreraketa izan zuen eta haiek neurriz aztertu zituen. Halaber, abertzaletasunaren ikuspegia erabat aldatzea izan zen egin zuen proposamenetako bat. Hau da, abertzaletasuna eta erlijioa bide desberdinetan jartzeko pentsamendua –nahiz eta horrek etsai ugari sortu zizkion–.
Goiz amaitu zitzaion Arregiri bere lana garatzeko aukera. Esan daiteke bere bidearen hasieran zela egin zuela topo heriotzarekin. Euskaldunen alfabetatzearen alde lan eskerga egina zen, eta alfabetatu berriei materiala eskaini asmoz, Lur argitaletxea sortzekotan zen beste idazle batzuekin batera. Garai hartan, Gabriel Arestik Kriselun, berea zen argitaletxean, arazo ekonomikoak zituen, eta idazle bilbotarrari Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren “Elsa Scheelen”-en edizioa erosi zioten, Lur-en hastapenetarako. Ordainetan, auto bat jasoko zuen Arestik.
Kotxea eramatera zihoazen Ramon Saizarbitoria eta Rikardo Arregi bera Euskaltzaindiak Bilbon zuen bilera batera. Mendaro eta Mutriku artean, ordea, istripua izan zuten eta Arregiren asmo guztiak errepide bazter hartan geratu ziren, betirako. 27 urte bete gabe zituen oraindik.
Gehigarria eta dokumentala
Rikardo Arregiren bizitza egituratzat hartuta, adar desberdinak zabalduko dituen lana burutu du Ariane Kamio kazetariak. Enborretik kimuetaraino doan bidearen trazua egitea da lan horren helburua, hezurdura oso bat diseinatzeraino.
Habe nagusiak bi izango dira. Bihar argitaratuko den zortzi orrialdeko gehigarria –GARArekin batera banatuko dena– eta “Rikardo Arregi. Euskal garaikidetasun berria” dokumentala –Asier Burgaletarekin batera egina–.
Lehenengoari dagokionez, Rikardo Arregi pertsona gisa, ekintzaile gisa eta pentsalari gisa ezagutu zutenen lekukotzak jasotzen ditu. Lau elkarrizketa batzen ditu orotara, bost lagunekin egindakoak. Mikel Arregik, Rikardo Arregiren anaia gazteenak, alborik pertsonalenari egin dio leku, Eguzki-Alden denboran atzera egindako ariketa batean. Bernardo Atxagak, Arregi hil eta egun gutxira egin zen herri meza dakar gogora. 1969ko uztaila. Azpian dabilen kultur mugimendu baten loratzea. Denboran etete bat.
Joan Mari Torrealdaik, bere aldetik, pentsamenduari buruzko hitz eta gogoetak ekarri ditu, batez ere “Jakin”-en egindako urteetakoak.
Azken gonbidatuak, Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasola, Lur argitaletxeaz, alfabetatzeaz eta Arregiren ikuspegi politikoaz aritu direnak.
Elkarrizketa guztiak 2017ko maiatza eta uztaila artean egin ziren, guztiak Andoaingo leku esanguratsuetan.
Paperaz harago
Papera ohiko euskarria bada ere, espazio mugatua du, sareak ez bezala, eta NAIZeko pantailak material osoa eskuragarri jarriko du. Okasiorako, webgune berezi bat sortu da, www.naiz.eus/rikardoarregi helbidean. Gehigarria bera PDF formatuan eskegiko da ostiralean eta datozen egunetan material gehiago eskainiko da. Esaterako, elkarrizketa guztiak bertsio luzean izango dira irakurgai, argazki galeria bat egongo da eta lanaren bigarren habea den dokumental laburra datorren astelehenean emitituko da, gaueko 21.00etatik aurrera.
Denboran zehar egindako bidaia horretan sorpresak izan dira; eta ez nolanahikoak. Horien artean, 1969ko uztailean egin zen herri mezaren grabazioaren aurkikuntza. Kasete hark, Gabriel Arestiren audio berri bat ekarri du egunotara –atzo NAIZen argitaratu zena–, orain arte entzun gabekoa, Karmelo Landa ikertzaile, EHUko irakasle eta Arestiren obran adituak baieztatu duenez. Baina ez da entzungai izango den material bakarra. Meza hartan gure musika garaikidearen ikur diren hainbat lagunek parte hartu zuten eta haien kantuak ere GARAko eta NAIZeko irakurleen esku jarriko dira hurrengo egunetan. Mikel Laboa eta Benito Lertxundi dira protagonistetako batzuk.
«Auhenaren sentimendua», Gabriel Arestiren ahotsaz
Rikardo Arregi 1969ko uztailaren 10ean hil zen, Mendaro eta Mutriku artean izan zuen auto istripu lazgarri batean. Bera eta Ramon Saizarbitoria Bilborako bidean ziren. Gabriel Arestiri Seat 850 auto bat eman behar zioten Txillardegiren “Elsa Scheelen”-en edizioaren truke.
Arregi hil eta egun gutxira, herri meza bat egin zen Andoainen, Tourseko San Martin elizan, eta garaian azpitik gora loratzen ari zen euskal kulturaren hainbat sortzailek parte hartu zuten bertan. Aresti bera han zen.
Arestik harreman berezia zuen Arregirekin, maitasun berezia ziola aitortzen du Bernardo Atxagak. Hain zuzen, berak utzia da idazle bilbotarrak idatzi zion eskutitza, non esaten duen Arregiren hilobira joango dela loreak jartzera.
Egun beltz hartan Gabriel Arestik Arregiri eskainitako poema idatzi zuen, “Auhenaren sentimendua”, egun gutxira egin zen herri mezan irakurri zuena. Poeman, mitxeleta beltzak aipatzen ditu, zapata odoleztatuak errepide ertzean eta atsekabez ari da Arregiren heriotzaz.
Herri meza hura Joseba Agirre Zugasti andoaindarrak grabatu zuen, magnetofono bat soinean zuela. Haren etxean urte askotan entzun izan da etengabe grabazio hura, baina Agirre hil zenetik kutxa batean gordea izan da. Ez zen sekula etxe horretatik atera. Aurkitutako kasetea egoera onean zegoen, eta audioa ere ulergarria da. Nolanahi ere, garbitua izan da eta Eresbilen egoitzan digitalizatu eta berriztatu egin da.
“Auhenaren sentimendua” “Harrizko herri hau” alean argitaratu zen gerora. Hain zuzen, liburua bi zatitan banatu zuen Arestik; lehenengoa Ramon Saizarbitoriari eskainia; bigarrena Rikardo Arregiren omenez osatua.
Herri meza hark, ordea, ez zuen soilik Gabriel Arestiren parte hartzea izan. Euskal kantagintzaren alorreko hainbat sortzailek ere beren ekarpena egin zuten lepo bete zen ekitaldi hartan.
Meza “Xori erresiñula” kantuarekin abiatzen da, Mikel Laboaren ahotik kantatua. Kultur arloak utzi zuen materialari gehitzen zaizkio, halaber, Benito Lertxundi “Ilunpetako gizon” kantuarekin eta Julen Lekuona “Itsasoan urak handi dire” abestiarekin. Hain zuzen, Lekuonaren osaba, Manuel Lekuona, hogei urtez bizi izan zen arregitarren etxean, Eguzki-Alden, eta Rikardo Arregi hil zenean ere hura zuen oraindik bere bizileku. Abeslarien ahotsak Eresbileko adituekin batera izan dira identifikatuak.GARA