NAIZ

Open House ekimenak 35.000tik gora bisita izan ditu Bilbon

Open House ekimenaren lehenengo edizioak 35.000tik gora bisita izan ditu. Bisitari gehien izan dituzten bi eraikinak Iberdrola Dorrea eta San Mames futbol zelaia izan dira.

Eraikinak barrutik ikusteko aukera izan da asteburuan. (Bilboko Udala)
Eraikinak barrutik ikusteko aukera izan da asteburuan. (Bilboko Udala)

Antolatzaileek espero zutena baino jende gehiago hurreratu da hitzordura. Horrela, ekimena antolatu duen OUT elkarteak datorren urtean berriro prestatuko du Nazioarteko Erakusketa Arkitektoniko Kulturala Bizkaiko hiriburuan. Ekimenak Bilboko Udalaren babesa izan du.

Horrela, Bilboko Udalak jakinarazi duenez, erakusketaren bidez, Bilboko historia arkitektonikoa ezagutarazi nahi izan da, hiru alditan banatuta: Bilbo komertziala, Bilbo industriala eta zerbitzuen eta kulturaren Bilbo eraberritua.

Bisitak behar bezala bideratzeko, 300dik gora boluntario arduratu dira 47 eraikinak erakusteaz. Open House ekimenaren sorrerako muinari jarraituz, bisiten gidariak ez dira profesionalak, boluntarioak baizik, eta herritarrak dohainik sartzen dira heldu ahala. Horrez gain, sei informazio gune izan dira herritarrei ekimenaren nondik norakoak, informazio orokorra, gidak eta planoak emateko. Planoak agortu egin ziren.

Open House Bilbao markaren jabea den OUT elkarteak antolatu du ekimena, House Worldwide sarearen barruan, eta beste 39 hiritan ere ospatzen da. Open House 2017ko aurrekontu parte hartzaileetatik sortu da, eta Bilboko Udalak eskerrak eman dizkie antolatzaileei eta euren ateak zabaldu dituzten eraikinetako arduradunei. Halaber, 300dik gora boluntarioei ere eskerrak eman dizkie, euren lanari esker burutu ahal izan baita ekimena.