NAIZ

Katalanen erabaki eskubidea babestu du EH Bilduk; «gizartearen haustura» aipatu du Urkulluk

Katalanen erabakitzeko borondatea eta Estatuko segurtasun indarren biolentzia izan dira EH Bildu eta EAJren eledunen ahotan gehien entzun diren kontuak igande honetan. Urkullu lehendakariak, bere aldetik, Kataluniako «gizartearen haustura» izan du mintzagai, elkarrizketarako deia egitea baliatzeko.

Euskal alderdi nagusiek ere egin dituzte adierazpenak Katalunian igande honetan gertatzen ari denaren inguruan. Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Andoni Ortuzar EBBko presidentea izan dira EAJren aldetik balorazioa egitea nahi izan dutenak.

«Pena» sentitzen duela adierazi du Urkulluk Facebook bidez zabaldu duen mezu batean, Katalunian gertatzen ari denak «gizartearen haustura arriskuak areagotu» ditzakeelakoan. «Amildegira gerturatzen jarraitu aurretik», elkarrizketarako deia luzatu du lehendakariak.

Kanada-Quebec edo Britainia Handia-Eskozia ereduak goraipatu ditu irtenbide politikotzat. Guztiaren gainetik, baina, «lege babesa duen itundutako erreferendum bat» babestu du.

Ortuzarrek, berriz, Estatuko segurtasun indarren jokabideari erreparatu dio, adieraziz «ezinezkoa saihestu» nahi dutela. Twitter bidez zabaldu du mezua, eta gaineratu du garbi geratu dela Kataluniako gizarteak bozkatu egin nahi duela.

Nafarroatik, garbi hitz egin du Uxue Barkosek: «Zaila da imajinatzea Kataluniako herriak erakutsi duena baino duintasun handiagoa. Eta zaila, tristea bada ere, erantzun poliziala baino zentzugabekeria handiagoa.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, bere aldetik, adierazi du «inork» ezin duela gelditu herri baten erabakitzeko nahia. «Etorkizuna Kataluniako herriarena da; historia, berriz, gurea eta herriek egiten dute».

Katalunian aurkitzen da Maddalen Iriarte EH Bilduko eleduna, Bakartxo Ruiz eta Josu Juaristirekin batera joanda. Honek ere Twitter erabili du bere iritziaren berri emateko eta adierazi du mundua izango dela «demokrazia eta herria kolpatu dituena epaituko duena». Aipatu duena ilustratzeko Guardia Zibilaren biolentzia agerian geratzen den argazkiak gehitu ditu.

Elkarrekin Podemosek arratsaldean hitz egin du, Lander Martinez bere eledunaren ahotik. Adierazi du Mariano Rajoy Gobernu espainiarreko presidenteak «demokrazia eta espresio demokratikoen aurka» egitera bidali duela polizia.

Astelehenera begira jarri da jarraian Martinez, esanez biharkoak «negoziazioaren eta dialogoaren» eguna izan behar duela. Gaineratu du baina arazo katalana duela urte batzuk izan behar zela konpondua.

Erreakzioak sindikalgintzatik

ELAren izenean, Adolfo 'Txiki' Muñozen hitzetan espainiar nazionalismoaren «ispilu» dira gaur Katalunian ikusi diren irudiak: «Estatuak ez du errepresioa beste irudirik ikusten». Gainera, adierazi du «ezinezkoa» dela erabakitzeko eskubida «Francoren oinordekoen moduan aritzen direnekin» adostea.

Gauzak horrela, bere elkartasuna adierazi dio ELAk Kataluniako gizarteari: «Estatuaren errepresioak ez ud geldituko antolatuta dagoen herri bat, are gutxiago erakundeek erakutsi duten ausardia politikoaren aurrean».

LABek, berriz, Euskal Herrian «demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen» aldeko herri akordio baten aldarria egiteko baliatu du gaurko eguna, horretarako, eta «adostasunik nahi ez dutenen aurrean», herri mobilizazioa sustatuko dutela iragarriz.

Bartzelonan da sindikatu abertzalearen ordezkaritza bat, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru duena. Esan du «onartezina» dela EAJk Katalunian errepresioa sustatzen ari direnekiko «jarrera argirik ez adieraztea; erregimena egonkortzeko eragile aktibo bilakatu da».