NAIZ

Euskal Herriak Katalunia babestu nahi du, eta kalera atera da

Gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzeak eging dituzte Euskal Herriko hamaika udaletxeren aurrean. Kataluniarekiko elkartasun ekimenak, baina, ez dira goizean amaituko; manifestazioak egin dira arratsaldean eta kazerolada eta argi-itzalketak gauean.


Greban dira Katalunian, eta elkartasuna adierazi nahi izan du Euskal Herriak. Hala, eta gehiengo sindikalak deituta –ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE eta Etxalde– eguneko lehenengo mobilizazio ekimenak egin dituzte.

Elkarretaratzeak egin dira 11.00etatik aurrera Euskal Herrian zeharreko hamaika udaletxeren aurrean. «Erabakitzeko eskubidearen alde», «errepresioaren aurka», «Katalunian nahiz Euskal Herrian. Herriek erabaki»... bezalako aldarriak ikusi dira eguneko lehenengo mobilizazioetan.

Ehunka izan dira, adibidez, Iruñeko Udal plazan bildu direnak Kataluniari sostengua adierazteko. Elkartu direnen artean izan da Joseba Asiron hiriburuko alkatea.

Mitxel Lakuntza eta Imanol Karrerak (ELA eta LABeko Nafarroako arduradunek) egin dituzte adierazpenak. Adierazi dute Katalunia «modu eredugarrian» aritu zela pasa den igandean, eta Estatu espainolaren errepresioa salatu dute. Euskal Herriak Kataluniaren bidetik abiatzeko gogoa adierazi dute. Nafarroako enpresa ugaritan ere egin dituzte lanuzteak.

«Ezberdinen arteko adostasuna» eskatu du LABek; Urkullu kritikatu ELAk

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak adierazi du igandean Katalunian gertatu zena «oso larria eta gogorra» izan zela, «estatu kolpe bat eman zitzaion demokraziari». Zentzu horretan, azken egunotako gertakariek PPren «jarrera antidemokratikoa» agerian utzi dutela gaineratu du.

Euskal Herrira begira jarri da gero Aranburu, hemen ere subirautza prozesu bat martxan jartzeko garaia dela azpimarratuz: «Herri honetako eragile ezberdinen artean adostasunak eraiki beharko genituzke erabakitzeko eskubidearen mesedetan».

LABeko idazkari nagusia lez, Donostian izan da ELAko 'Txiki' Muñoz ere. Iñigo Urkullu lehendakariaren jarrera salatu du honek, «gertatzen dena gertatzen dela ere» PPrekin akordio bila jarraituko duela esanez: «Akordio horiek politika antisozialak dira, autogobernuaren aurkakoak».

Alor sindikalaz gain, hezkuntzan ere mobilizazioak egin ditute, Ernai gazte mugimenduak eta Ikasle Abertzaleek deituta, besteak beste. Gasteiz, Iruñea, Ibaieta eta Leioan egin dituzte manifestazioak, milaka ikasle bildu dituztenak.

Protesta ekimenak, baina, gauera arte luzatu dira Euskal Herrian. 19.00etan hasita, manifestazioak egin dira Hegoaldeko lau hiriburuetan –Moyua, Andre Maria Zuriaren plaza, Boulevard eta Gaztelu plazatik abiatuta–. 22.00etarako, berriz, kazerolada berriak eta argi-itzalketak daude deituak.